Catalina Sotok irabazi du Euskal Herriko Txirrindulari Txapelketa

Ihintza Elustondo 2022ko mai. 29a, 19:56

Aise irabazi du lasterketa nagusia txirrindulari txiletarrak. Haren atzetik sailkatu da Aranza Villalon txiletarra, eta hirugarren Naia Amondarain helmugaratu da; hura izan da lehen euskal herritarra, eta beraz, hura izan da Euskal Herriko txapelduna.

Emakumeen Euskal Herriko Txirrindulari Txapelketa jokatu dute gaur Azpeitian. Bi lasterketatan banatuta jokatu dute txapelketa: 15:15ean hasi da kadeteen proba, eta 16:30ean junior, 23 urtez azpiko eta Elite mailatako txapelak banatuko dituena. Irteera zein helmuga Zelai Luzen egon dira.

Lasterketa nagusia Catalina Soto txiletarrak irabazi du; proba guztian zehar buruan joan da txirrindularia. Haren atzetik sailkatu da Aranza Villalon txiletarra, eta hirugarren Naia Amondarain helmugaratu da; hura izan da lehen euskal herritarra, eta beraz, hura izan da Euskal Herriko txapelduna.

Kadeteen mailan, bestalde, Paula Ostiz izan da txapelduna; haren atzetik sailkatu da Melanie Dupin frantziarra, eta Naiara Espinosak eskuratu du hirugarren postua. Juniorretan, Olatz Arteagarentzat izan da lehen postua, Nahia Aranarentzat bigarrena, eta Naroa Olanorentzat hirugarrena. 23 urtez azpikoetan, Naia Amondarain sailkatu da aurrena, eta Lur Zufiria bigarren. Elite mailan, Tania Calvo sailkatu da aurrena, Ziortza Isasi bigarren eta Muskilda Oloriz hirugarren.

Bi ibilbide

Ibilbide ezberdina osatu dute bi lasterketek. Kadeteak Azkoitira joan dira lehendabizi, Munategitik Santakutzerako bidea hartuta; Azpeitira itzulita, Iraetaraino joan eta handik Arroagora igo dira; Azpeitira itzuliko dira lasterketaren azken txanpan, Landetatik Goenara igo, Garmendigainera jaitsi, eta saihesbidean behera hartuta, Jose Artetxe kaletik Zelai Luzeraino joateko. Eguneko bigarren lasterketako txirrindulariak, berriz, kostarako bidea hartu dute hasieratik, eta Azpeitia-Arroagoia-Landeta-Goena zirkuitua hiru aldiz egin dute; hirugarrena osatuta, kadeteek bezala. Sanjuandegiko biribilgunera jo eta helmugara arteko azken metroak egin dituzte.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide