Denboraren orratzak berritzen

Juan Luis Romatet 2022ko mai. 31a, 17:29

Donostiako Artzain Onaren Katedraleko erlojua aritu dira zaharberritzen Yeregui elkarteko kideak Lasaon duten lokalean. Ondo bidean, pare bat hilabete barru itzuliko dute bere tokira.

Erlojuak aurki daitezke nonahi Yeregi elkarteak Lasaon erabiltzen duen lokalean. Batzuk txikiak dira, handiagoak beste batzuk, eta badira mahai oso baten neurria hartzen dutenak ere. Azken horietako bat da elkarteko kideek zaharberritu duten azken erlojua; Donostiako Artzain Onaren katedralekoa, hain zuzen ere. Orain hiruzpalau urte jaso zuen elkarteak erlojua zaharberritzeko enkargua, eta lanak amaituta, ondo bidean, pare bat hilabete barru bueltatuko dute berriro bere jatorrizko kokalekura.

Donostiako Artzain Onarena parrokia soila zenean enkargatu zioten Benito Yeregui erlojugileari elizarako erloju bat. Hark Paul Odobey frantziarrari egin zion enkargua. "Piezaka ekarri zuten, eta Yereguik hemen muntatu zuen. Guztira, 3.970 pezeta kostatu zen erlojua", dio Xabier Alvarez Yereguik, Benitoren birbilobak eta Yeregui elkarteko buruak. 1897. urtean, eliza inauguratu zutenean, erlojua martxan zela dio zaharberritzaileak.

Lehen hamarkadetan Donostiako tenpluko dorrearen behealdean kokatu zuten erlojua. 1949. urtean, ordea, parrokia izatetik katedral izatera igaro zenean, erlojua dorrearen goiko gela batera eraman zuten, esferak aurkitzen diren lekura, hain zuzen ere. Urte hartan bertan aprobetxatu zuten lehen berritze lanak egiteko; Miranda Ebroko (Espainia) etxe batek egin zituen zaharberritze lanak, eta fin-fin eman zituen kanpaikadak orain berrogei bat urtera arte. Alvarezen esanetan, dena den, azken lau hamarkadetan erlojua geldirik egon da. Garai hartan erloju automatikoa jarri zuten, eta dorreko lau esferaren atzealdean itsatsitako moto txikiei esker jakin izan dute donostiarrek unerik une zer ordu den.

Aurretik beste zaharberritze lan batzuk eginda dituela jakitun, Yeregui elkarteak orain hiruzpalau urte jaso zuen katedraleko erlojua zaharberritzeko enkargua. "Bertako deana, Koldo Apestegi zumaiarra, etorri zen gugana, eta esan zigun ea erlojua dorretik jaitsi, zaharberritu eta bere lekura itzuliko al genuen", du gogoan deanaren herrikide Alvarezek. Begoña Arruti, Juan Mari Elosua, Tomas Bergara Etxabe eta Alvarezen artean zaharberritu dute.

Hala aritu dira azken pare bat urteotan lanean Lasaoko lokalean. "Garbitu ondoren, martxan jarri genuen erlojua. Akats batzuk zituen, baina ikusi genuen sistema asko ukitu gabe posible izango zela berriro erabilgarri jartzea".

Automata programatzaile baten bidez martxan izan zuten erlojua bost bat hilabetez. "Ikusi genuen zehaztasun aldetik nahiko ondo zihoala; astean bospasei segundoko aldea besterik ez zuen. Aldaketa txiki horiek eginda, kanpaikadak ondo ematen zituela konturatu ginen".

355.000 kanpaikada urtean

Erlojua fin zebilela ziurtatuta, desmuntatu, piezak banan-banan garbitu eta berriro muntatu zuten XIX. mende amaierako makineria. Alvarezen esanetan, erloju oso berezia da Odobey frantziarrak egindakoa. Izan ere, urtean 355.000 kanpaikada inguru ematen ditu. "Ordua ematen du, baita ordu hori errepikatu ere. Laurdenetan ere kanpaia jotzen du, eta erdira heltzerakoan lehenbizi erdia dela adierazten duten kanpaikada txikiak jotzen ditu, eta gero berriro ordua ematen du. Hau da, 19:30ak direnean, lehenbizi erdia dela adierazteko kanpaikada laburrak joko ditu, eta ondoren, ordua adierazteko zazpi kanpaikadak". Horrela, urte osoan.

Donostiako katedraleko erlojua berritzeko lanak amaituta dituzte, eta espero dute hemendik pare bat hilabetera itzuliko dutela bere etxera. "Hasieran tenpluko kapera batean gordeko dute bospasei hilabetez, eta gero, espero dugu bere kokalekura eramatea. Ondoren, zalantzak dituzte ea martxan jarriko duten bisitariei erakusteko, edo orduak emateko erabiliko duten", dio Alvarezek.

Benito Yeregui erlojugilearen oinordekoarentzako "ohorea" izan da XIX. mendeko makina zaharra berritzea. "Birraitonak muntatutako erlojua zaharberritzeko gai garela erakutsi dugu, ondarea den makina berreskuratuta eta martxan jarrita".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide