Naiara Aiertzak, Beñat Larraurik, Iñaki Odriozolak, Mikel Sanchezek, Zigor Sagarnak, Jon Guadixek eta Maitane Aiertzak osatzen dute, gaur egun, Laket taldea. Urteak daramatza taldeak Gazte Egunean Sanjuandegi erromeria giroz bustitzen. Aurten ere ez du hutsik egingo, eta Rodeo eta No Place taldeen emanaldien ostean karpako agertokian izango da Laket. Jaien atarian, Maitane Aiertza taldeko kidearekin hitz egin du Uztarriak. "Giro ona eta dantzarako musika ziurtatuta" izango direla aurreratu du hark.
Sanjuandegiko festek bi urteko etenaldia izan dute COVID- 19aren pandemia tarteko. Laket taldeari ere eragingo zion egoerak. Zertarako aprobetxatu zenuten itxialdia, eta haren ostean, kontzerturik eman ezin zitekeen garaia?
Egia esan, egoera espero baino hobeto eraman dugula esan dezakegu. Uda sasoian, oholtzetarako grina izan dugu, eta nahi eta ezin sentipenak sortutako baxualdia ere bai. Dena den, urte dezente daramatzagu agertokien gainean, eta etenaldia ongi etorri zaigu atseden apur bat hartzeko, eta aldi berean, gure buruak pixka bat kokatzeko eta ideiak antolatzeko. Etenaldia atseden hartzeko ez ezik, etorkizunean pentsatzeko ere erabili dugula esango nuke.
Etenaldiaren ondoren, kontzertuak ematen hasiak zarete berriro. Zer moduzkoa ari da izaten itzulera?
Bai, azkenean iritsi da agertokira igo garen eguna. Itzulera polita ari da izaten. Hasieran urduritasun sentipena izan genuen arren, plazak beteta, jendea dantzan eta gozatzen ari dela ikusita, emozioa da nagusi orain. Bazen jendearen aurpegiak irribarretsu eta pozik ikusteko eta plazan berriro elkartzeko garaia!
Jendea erromeria gogoz nabari duzue, beraz.
Bai, jendea gogotsu dago. Azken batean, pandemiak mugatu egin dizkigu egunerokotasuna eta aisialdia, eta jakina da pandemiak gogor zigortu duen arloa izan dela kultura. Beraz, jendea ongi pasatzeko gogoz dago, aurreikusten genuen moduan.
Sanjuandegin izango zarete aurten berriro –hutsik ez duzue egiten–. Zuen plaza dela esan al dezakezue?
Egiari zor, egutegian finkatuta izan ohi dugu Sanjuandegiko Gazte Eguna. Pozik joaten gara Sanjuandegira, giro paregabea egoten baita han. Guk ere, talde gisa, ederki pasatzen dugu bertara joaten diren herritar guztiekin.
Zer dute berezia Sanjuandegik eta hango festek?
Auzoan biltzen den jendea zein sortzen den giroa eta jendeak kontzertuan erakusten duen jarrera aipatuko nituzke. Plaza ezin hobea da Sanjuandegikoa. Gainera, hara joan ohi diren ikus-entzuleak oso eskertuak dira; herritarrek oso ongi erantzuten diete proposatzen zaizkien pieza guztiei.
Pandemia aurreko urteetan gorakada nabarmenean murgilduta ziren Sanjuandegiko festak. Agertokiaren gainetik ere nabaritu al duzue gorakada hori?
Bai! Urtez urte jende asko mugitu izan dute festek, baina, aldi berean, urtez urte sumatu dugu jaietara joandako herritar kopuruaren igoera. Ea aurten ere bide horretan jarraitzen duen joerak... Auzora herritar asko joatea eta jaietan herritar asko egotea espero dugu. Eta nola ez, horiek dantzarako prest etor daitezela!
Zer eskainiko duzue ostiraleko kontzertuan? Berrikuntzarik izango al da?
Ostiraleko kontzertuan dantzaldia eskainiko dugu, erromerietako piezak eta askotariko estiloetako kantuak tartekatuz. Guztiok abesteko moduko kantak eta gerriak mugitzeko modukoak ere izango dira entzungai. Taldekide berrien presentzia izango da Laketek aurten Sanjuandegira eramango duen berrikuntzarik handiena: batetik, Naiara Aiertza pandero eta guiro jotzailea nahiz abeslaria batu da taldera, eta bestetik, Jon Guadix gitarra jotzailea ere bai.
Azpeitia urtean bitan bisitatzen duzue, gutxienez; Sanjundegiko eta Urrestillako festetan. Urrestillako sanjoanak ere ate joka dira dagoeneko... Sanjuandegira joaterik ez dutenek han izango al dute Laket ikusteko aukera?
Hori da; urtez urte bi hitzordu izan ohi ditugu Azpeitian. Horrenbestez, Sanjuandegin Laketen kontzertuaz gozatzeko aukerarik ez duenak, ekainaren 23an, San Juan bezperan, Urrestillan izango du horretarako aukera. Urrestilla ere asko gustatzen zai- gun plaza da, eta hango jendea, zer esanik ez!