Sanjuandegiko festak 2022

"Sanjuandegiko festak ahalik eta herritar gehienengana iristea nahi dugu"

Uztarria.eus 2022ko eka. 1a, 19:00

Iker Etxeberria, Iraitz Aranguren eta Iosu Merino.

Umeen Egun arrakastatsuaren ondoren, gaur hasiko dira Sanjuandegiko jaietako ekitaldiak. XJ Auzolanean arduratu da festetako egitarauaren prestaketaz, eta jada jaietan murgiltzeko prest dira Iker Etxeberria, Iraitz Aranguren eta Iosu Merino batzordeko kideak. Uztarriak Sanjuandegiko festak direla-eta kaleratu duen egunkariko edukia da honako hau.

Urteak dira XJ Auzolanean batzordea martxan jarri zutela. Or dutik egin du euririk, igaro da jairik, eta denboraren joanarekin, belaunaldi berriak hasi dira auzo elkartera batzen. Etenik ez du izan XJ Auzolaneanen jardunak, eta hein batean, batzordekideen lanari esker izan da hori. Aurtengo jaietarako dena prest dutenean, Iosu Merinorekin, Iraitz Arangurenekin eta Iker Etxeberriarekin elkartu da Uztarria. Jaien nondik norakoez patxadaz hitz egin dute hirurek.

Lehen galderak ezin zuen bestelakorik izan: Mantangorri auzora iristeko prest al dago? Festak azken aldiz ospatu zirenean, 2019an, lapurtu egin zuten maskota...

IOSU MERINO: Bai, bai, prest dago. Mantangorri berria egin behar izan dugu, eta, dagoeneko, azken ukituak besterik ez zaizkio falta. Ongietorrirako prest egongo da!

Nola gogoratzen duzue Mantangorri lapurtu zuten une hura?

I.M.: Zer izan zen hura! Mantangorriren agurreko arratsaldean herri kirolak izaten dira Jose Antonio Agirre plazan, eta batzordeko kideok ohitura dugu txosnaren ondoan biltzeko. Han geundela, kide batek oholtza aldera begiratu eta Mantangorri falta zela esan zuen. Hasieran ez genion sinetsi, baina, bai, egia zen. Ondoren jakin genuen herritar batzuek lapurreta ikusi egin zutela...

IKER ETXEBERRIA: Zabor biltzaileek esan zigutenez, Mantangorriren hankak zaborretan aurkitu zituzten igande goizean; dena apurtuta zegoen.

IRAITZ ARANGUREN: Mantangorri maskota berriro egiteko denbora nahikoa izan dugu, behintzat!

Bi urteko etenaldiaren ondoren berriro egingo dira Sanjuandegiko festak. Aurtengo jaiak nolakoak izango direla aurreikusten duzue?

I.A.: Ondo joango da dena. Dena den, beste urteetan baino jende gehiago ibiliko den sentipena dugu. Jendea jaietarako gogoz sumatzen dugu, eta pandemiaren ondorengo lehendabiziko jaiak izanik... Horrek erantzukizuna ere ezartzen dio festetako batzordeari; festa onak izan behar dute.

I.M.: Festak hasi aurreko erantzuna oso ona izan da dagoeneko, eta emaitzak dira horren erakusle: larunbateko Umeen Egunean 400 haurrek parte hartu zuten; aurreko urteetako batez bestekoa 200 ume ingurukoa izaten zen. Beraz, igoera nabarmena izan dela ikusi dugu. Jaietako egitaraua antzekoa izaten da urtero, eta guretzat nahikoa da, lan handia eskatzen duelako prestaketak. Baina festarako gogo handia dagoela nabari da herrian...

Lan handia eskatzen du, beraz, festak antolatzeak. Bi urteko etenaldiak batzordean izan al du eraginik? Nola antolatzen zarete?

I.M.: Izan ditugu aldaketak, bai, urteotan; beteranoenak ziren kideek utzi egin dute taldea. Kide zaharrenek 25 urte dituzte orain. Ondorioz, lekukoa gazteek hartu dutela esan daiteke.

I.A.: Ni naiz batzordera aurten sartu den kide berrietako bat, adibidez.

I.E.: Belaunaldi aldaketa egon da.

Nola antolatu zarete belaunaldi aldaketara egokitzeko?

I.M.: Urte bukaeran aurreko festen balorazioa egiteko bilera gauzatzen dugu, eta hurrengo urteko jaiak antolatzeko eredu bat izaten dugu; aurreko urtean zer egin zen begiratzen dugu, eta zer alda daitekeen ere bai. Jaiak ondo joaten direnez, ordea, egitaraua ez dugu gehiegi aldatzen. Eredu berberarekin jarraitzen dugu, nahikoa lan sortzen baitu modu berean mantentzeak ere!

Profil eta adin desberdinetako herritarrentzat ekitaldiak antolatzea da XJ Auzolaneanen helburua, ezta?

I.E.: Bai, festak ahalik eta herritar gehienengana iristea nahi dugu. Normalean, txikienak festetatik kanpo gelditzen dira, eta haientzako ekitaldiak antolatzeko esfortzu berezia ari da egiten XJ Auzolanean. Hori horrela izanik, Umeen Eguna antolatzen dugu festen aurreko asteburuan –joan zen larunbatean egin genuen–. Bestalde, kontzertuak antolatzerakoan, musika estilo desberdinak bilatzen saiatzen gara.

Aurtengo egitaraua ikusirik, zer nabarmenduko zenukete?

I.M.: Ekitaldi bat edo beste baino gehiago, herriko eta bailarako eragileen eta musikarien presentzia nabarmenduko nuke nik. Rodeo taldea Zestoakoa da, eta Skapaie elektrotxaranga eta In Your Face taldea, berriz, Azpeitikoak...

I.A.: Bai, bertako musika talde asko izango dira aurtengoan, eta ostiraleko disko jartzaileen festan parte hartuko duten asko ere herrikoak dira.

I.M.: Aspaldian ez da festarik edo musika jaialdirik izan, eta bertako taldeak ere kontzertuak eskaintzeko gogotsu ziren. Antolatzaile bezala, eskertzekoak dira gogo eta elkarlan horiek.

Bada egitarauan ekitaldi berezi bat: ostiralean egingo den skate parkearen agurra. Nondik sortu zaizue hori antolatzeko ideia?

I.M.: Skate parkean ibiltzen diren pertsona batzuk etorri ziren XJ Auzolaneaneko kideongana, eta zerbait egiteko ideia proposatu ziguten. Esklabetako elizaren ondoko zelaian skate parke berria egiten ari direnez, Sanjuandegikoari agurra egitea nahi ziotela esan ziguten. Proposamena egin zutenak Sanjuandegiko auzotarrak izanik, ideia ona iruditu zitzaigun, eta egitarauan sartu genuen.

Gazteen patata tortilla lehiaketa ere antolatu duzue lehenbizikoz. Larunbat arratsaldean izango da. Zer harrera izan du izen emateak?

I.A.: Gaztelekuak proposatutako ekintza da lehiaketa, eta, egia esan, oso arrakastatsua izango da. Izan ere, oso ondo joan da izen ematea; 27 talde inguruk eman dute lehen ediziorako izena. Oso gustura gaude erantzunarekin.

Festak iragartzeko modu berezia izango da aurten, Uztarriaren egunkari bereziari esker.

I.E.: XJ Auzolanean batzordeak eskuorri bat ateratzen zuen urtero, egitarauarekin eta saltokiei eta dendariei eskerrak emanez. Zabalkundean hobekuntza ekarriko du Uztarriaren egunkariak; izan ere, auzoko etxe guztietara iritsiko da. Zabalkundea handiagoa emango zaie jaiei, eta hori festen hoberako izango delakoan gaude.

Herriko taldeekin, auzotarrekin eta eragileekin elkarlana ezinbestekoa duzuela esana duzue. Zergatik da garrantzitsua norabide berean aritzea?

I.M.: Festetan beti izaten da herriko taldeen edo eragileen presentzia; kalejiran, trikitilarien artean, elektrotxarangarekin...

I.E.: Ardura eta zeregin asko egoten da jaien antolakuntzan, eta eragile horien laguntzarik gabe are zailagoa litzateke egitekoa. Musika bandaren kontzertua dela, Trikigirorekin antolatzen dugun trikiti txapelketa dela, elkarte gastronomikoek Umeen Eguneko bazkariak egiten laguntzen dutela, areto dantzen emanaldia izaten dela... Benetan eskertzekoa da iristen den laguntza guztia.

Lan asko egin duzue dagoeneko, baina jaietako egunetan ere egin beharko duzue beste horrenbeste. Lana eta parranda bateragarria al dira? Festez gozatzeko tarterik izango al duzue?

I.A.: Aspaldi parrandarik egin gabe gaude denok ere, eta egokitzen zaigu jaiez zertxobait gozatzea.

I.M.: Hilabeteetan egin dugu lana, eta, orain, pixka bat disfrutatzea ere tokatzen zaigu. Beti izaten dira parrandarako tarteak, eta horiek aurkitu eta aprobetxatu behar ditugu.

I.E.: Saltsa apur bat egongo dela dirudi, eta hori ere bizi egin beharko dugu!

Saltsa diozula... Sare sozialen bitartez sortu duzue saltsa eta giroa.

I.M.: Aurtengo berrikuntzatzat har daiteke sare sozialetako jarduna. Batzordeko kide batek hartu zuen horiek kudeatzeko ardura, eta egia esan, nahiko ondo joan da dena...

I.A.: Arrakasta izan du!

I.E.: Spota ere atera genuen, eta hark ere harrera ona izan du.

Zeresana eman du spotak, bai. Nondik sortu zitzaizuen bideo horretarako ideia?

I.A.: Niri iritsi zaidanez, asko gustatu da herrian.

I.M.: Aspaldi egiten ez genuen zerbait zen, 2012 urtetik edo...

I.A.: Kide batek aipatu zuen spota berriro egiteko ideia, eta denok gustura hartu genuen proposamena. Horrenbeste denbora festarik gabe egon ondoren, zerbait berria da festa bera, eta hala ekin genion bideoa grabatzeari.

I.E.: Bideoa egitea ez da aparteko lana izan, aurreko spoten arrastoari jarraitu diogu.

Hilabeteetako lanaren ondoren, eskaerarik ba al duzue herritarrentzat?

I.A.: Banderolak balkoietan edo leihoetan jartzeko eskaera egin nahi diegu auzotarrei.

I.M.: Duela hiru urte, banderolak banatu genizkien Jose Antonio Agirre plazako auzotarrei, Mantangorriren ongietorrirako batik bat, eta haiek oraindik ere eskura izango dituztela espero dugu.

I.E: Gainera, ostiralean, ongietorriarekin batera, Jose Antonio Agirre plazan postu txiki bat jarriko dugu zapiak eta kamisetak erosi ahal izateko.

I.A.: Eta herritarrei esan nahi diegu, animatzeko, etortzeko Sanjuandegira eta festez gozatzeko!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide