Sanagustin kulturgunera lekualdatu dute Aitziber Garmendiaren eta Garbiñe Larrearen hitzaldia

Ihintza Elustondo 2022ko eka. 1a, 10:59

Sanagustin kulturgunea.

Buru osasunaren inguruko jardunaldien barruan, suizidioaz hitz egingo dute bi hizlariek bihar, 18:00etan hasita. Azoka Plazan egitekoak ziren saioa, baina jende asko espero dute, eta Sanagustin kulturgunera lekualdatu dute solasaldia.

Azken asteetan buru osasunaren inguruko jardunaldiak egiten ari dira Azpeitian, udalak antolatuta. Bihar izango da saio horietako azkena, Suzidioa ertzetatik izenekoa, eta Aitziber Garmendia eta Garbiñe Larrea ariko dira hizlari. Azken bi solasaldiak Azoka Plazako aretoan egin dituzte, eta jende ugari bertaratu da bi saioetara. Garmendiaren eta Larrearen hitzaldira jende asko joango dela aurreikusi dute antolatzaileek, eta horregatik, Azoka Plazan egin ordez,  Sanagustin kulturgunean egitea erabaki dute.

Bihar, osteguna, izango da Garmendiaren eta Larrearen hitzaldia. Biek ala biek lotura estua dute suizidioaren gaiarekin: izan ere, beren bizitzako une batean, bikotekidea galdu dute beren buruaz beste eginda. Askok nahiago izaten dute halako gertaerez ez hitz egitea, baina Garmendia eta Larrea beldur guztiei aurre egin eta bizi izandakoa jendaurrean azaltzera ausartu dira. 18:00etan hasiko da saioa.

Guztira, hiru solasaldi antolatu dituzte buru osasunaren inguruko jardunaldien barruan. Lehen saioan, Xabier Lertxundi Osameneko psikiatra eta Iñigo Antsorregi depresioa izan duen gaztea aritu ziren hizketan, eta bigarrenean, Agustin Erkizia eta Eva Bilbao Biziraun elkarteko kideak. Lotura honetan ikus daiteke lehen solasaldia, eta beste honetan bigarrena.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide