Bihar, ostirala, jokatuko dituzte eskuzko pilotari azpeitiarrek Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren final-laurdenetako itzulerako partidak. Ataunen aurkako lehia Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan jokatuko dute Ilunpe elkarteko pilotariek, 22:00etan hasita.
Ohi bezala, kadeteen, jubenilen eta nagusien mailetako partidak jokatu beharko dituzte pilotariek. Joanekoan, Azpeitiak 2 eta 1 galdu zuen Ataunen aurka, baina tantoetan berdinduta daude bi taldeak –49na tanto dituzte Azpeitiak eta Ataunek–. Kadete mailako partida 22 eta 16 galdu zuten azpeitiarrek, eta jubenil mailakoa 22 eta 11. Nagusien mailakoa irabazi zuten Ilunpeko lagunek, ataundarren aurka 5 eta 22 nagusituta.