Tabakorik Gabeko Munduko Egunaren harira, erakusketa jarri dute Gaztelekuan

Anartz Izagirre 2022ko eka. 1a, 20:05

Tabakorik Gabeko Munduko Egunaren harira antolatutako erakusketan parte hartu zuten gaztetxoak.

Gaztelekuko erabiltzaileek Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak jarritako erakusketaz eta azalpenez gozatzeko aukera izan zuten atzo, asteartea.

Tabakorik Gabeko Munduko Eguna izan zen atzo, maiatzak 31, munduko hainbat txokotan, eta Gaztelekuan gai horri lotutako erakusketa jarri zuten Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteko kideek. Horrez gain, gai horren bueltako hainbat azalpen ere jaso zituzten gaztetxoek.

Elkarteak emandako datuen arabera, adingabeak dauden espazio publikoen ia %100ean osasunerako kaltegarriak diren tabako kearen arrastoak daude. Herritarren sentsibilizaziorako hainbat ekintza gauzatzen ari da elkartea, eta horren erakusle da Gaztelekuan jarri duten kerik gabeko guneei buruzko erakusketa.

Minbiziaren Aurka Gipuzkoanek "hurrengo belaunaldia tabakorik gabekoa izatea" lortu nahi du, eta 2030 urtean 18 urte betetzen dituzten pertsonek "inoiz erre ez dezaten" lortzea da esku artean duten kanpainaren xede nagusia.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide