Festetan murgildu da dagoeneko Sanjuandegi. Izan ere, jaiei hasiera emateko ohikoa bihurtu den hitzordua izan zen atzo, asteazkena, auzo horretan: hain zuzen ere, bertso afaria egin zuten Baigera IIn. Andoni Egaña, Nerea Ibarzabal eta Oier Etxeberria aritu ziren kantuan, eta giro ezin hobea sortu zen haien bueltan. Jende ugari bertaratu zen.
Gaur ere izango da zertaz gozatua Sanjuandegin. 19:00etan, Kantu Jiraren saioa eta pintxo poteoa egingo dituzte. 21:00etan, mus txapelketa izango da Ongi Etorri jatetxean, eta ondoren, 22:00etan, iluntzea musikaz girotuko dute Esanezin eta Locopirata taldeek.