Banakako Urrezko Aizkolari eta Harrijasotze Txapelketen finalak jokatuko dituzte igandean Izarraitz pilotalekuan

Maialen Etxaniz 2022ko eka. 3a, 16:14

12:00etan hasiko da herri kirol jaialdia, eta egunean bertan jarriko dituzte salgai txartelak pilotalekuko leihatilan. Urrezko aizkolariaren txapela nork jantziko lehiatuko dira Iker Vicente, Mikel Larrañaga eta Julen Alberdi Txikia IV.a. 

XXV. Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketaren eta Urrezko Harrijasotze Txapelketaren finalak jokatuko dituzte igandean, ekainaren 5ean, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan. Atzo, ostegunez, aurkeztu zituzten finalak Azpeitiko plazan, eta bertan izan ziren herrikirol jaialdiko protagonistetako asko. 

Igandean 12:00etan hasiko dira finalak Izarraitz pilotalekuan. Urrezko Aizkolari Txapelketan, lau mailatan neurtuko dituzte indarrak. Gaztetxoen mailan –19 urtez azpikoetan– Isidro Velasco, Amets Ariztizabal eta Igoin Pikabea arituko dira nor baino nor; gazteen mailan, Hodei Ezpeleta, J. Urretabizkaia Basozabal eta Xuban Kañamares; emakumezkoen mailan, Nerea Sorondo, Nerea Arruti eta Laiene Pikabea, eta urrezko mailan Iker Vicente, Mikel Larrañaga eta Julen Alberdi Txikia IV.a. 

Urrezko Harrijasotze Txapelketan ere ikuskizunik ez da faltako. Harri handien mailan bost kirolarik parte hartu behar bazuten ere, lesioak tarteko, bik jokatuko dute finala. Hain zuzen, Jokin Eizmendik eta Jon Unanue Goenatxo III.ak. Emakumezkoen mailan, berriz, Karmele Gisasola Zelai III.a, Patricia Martin eta Lur Errekondo arituko dira marka onenaren bila. 

Sarrerak leihatilan jarriko dituzte salgai egunean bertan, 25 eurotan.  

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide