Gipuzkoako Herriarteko Txapelketak aurrera jarraitzen du, eta atzo, ostirala, eskuzko partiden final-laurdenetako itzulerako neurketa izan zen Izarraitz pilotalekuan. Ilunpekoek 2-1 galdu zuten joaneko partida Ataunen, baina 49na tanto zituzten bi taldeek, eta azpeitiarrek bazuten finalerdietara sailkatzeko aukera. Horretarako, hiru partidetatik bi gutxienez irabazi egin behar zituzten, eta tanto gehiago egin. Hala izan zen. Kadeteetan 22-6 irabazi zuten Iker Otaegik eta Larrañagak, eta seniorretan 22-9 Iker Egigurenek eta Labakak; ostera, jubeniletan 8-22 galdu zuten norgehiagoka Odriozolak eta Urtzi Egigurenek.
Atzoko neurketan tanto gehiago eginda, beraz, Herriartekoaren finalerdietara sailkatzea lortu du Azpeitiko taldeak, eta finalera sailkatzeko aurrez Tolosa menperatu beharko dute Ilunpeko pilotariek. Datorren astean izango da joaneko partida, Tolosan.