Uneotan festa usaina eta jendetza dira protagonista Sanjuandegin. Atzo, ostirala, hasi ziren festak Mantangorriren jaitsierarekin, eta iluntzean jarraitu zuen jaiak Jose Mari Orbegozoren ikasleen dantza erakustaldiarekin. Askotariko dantzak ikusi ahal izan ziren oholtzan 23:00etatik aurrera; besteak beste, funky, salsa eta bachata doinuek hartu zuten Jose Antonio Agirre plazaren ingurua. Ordu berean, DJak eta kontzertuak ere izan ziren karpan zein txosnetan.
Gaur aurrera jarraitzen du jaiak, eta goizean goizetik hasita hainbat ekitaldi egin dituzte auzoan. Hasteko, VI. Xake Txapelketa Herrikoia egin dute, eta xake partida azkarrak jokatu dituzte hainbat xakelarik. 14 urtez azpiko kategorian Aimar Garcia izan da txapelduna, eta nagusietan Anibal Fernandez. Horrez gain, Kodaore klubeko kideek judo erakustaldia eskaini dute auzoan, eta hainbat herritar joan da ekitaldia ikustera. Udal Musika Bandaren kontzertuaren ondoren, trikiti-pintxo-poteoa izango da, eta, ondoren, bazkaria. Arratsaldean ere jarraituko du festak.
Hona hemen gaurko egitaraua:
- 13:00. Udal Musika Bandaren kontzertua.
- 13:30. Trikiti-pintxo-poteoa.
- 15:00. Auzo bazkaria.
- 17:00. VIII. Trikiti Txapelketa.
- 18:30. Txokolatada.
- 19:00. Skapaie elektrotxaranga.
- 19:00. Erraldoiak eta buruhandiak.
- 20:00. Parrillada.
- 22:00. In Your Face eta McOnak taldeen kontzertuak.
- Ondoren, DJ Aztakolen emanaldia karpan.