Sanjuandegiko Auzo Eguna jendetsua ari da izaten, eta horren erakusle da arratsaldean auzoan sortu den giroa. Ordu berean, 17:00etan, bi txapelketa izan dira Sanjuandegin. Alde batetik, VIII. Trikiti Txapelketa egin dute karpan, eta Enaitz Alberdi azpeitiarra eta Araitz Etxaniz azkoitiarra izan dira txapelketaren garaileak; bigarren postuan, berriz, Ianire Segurola hernaniarra eta Elaia Diaz astigarragarra sailkatu dira. Giro aparta sortu da karpan, eta ikus-entzule ugari izan dira txapelketa ikusten. Guztira, bost bikotek parte hartu dute lehian.
Bestetik, Gazteen I. Patata Tortilla Lehiaketa izan da Jose Antonio Agirre plazaren inguruan, eta sekulako arrakasta izan du gaztetxoen artean. Izan ere, ia 30 taldek parte hartu dute lehiaketan —hiru txandatan—, guztira, 107 gaztetxok. Bi taldek irabazi zuten txapelketa: Urrestildarrak taldeak eta Omeletters Futuristas taldeak. Hemendik aurrera ere izango da zertaz gozatua Auzo Egunarekin jarraitzeko. Uneotan Skapaie elektrotxaranga ari da kaleak musikaz alaitzen, eta 20:00etan parrillada izango da Kontseilu Sozialistaren eskutik.
Iluntzean, In Your Face eta Mc Onak taldeen kontzertuak izango dira karpan, eta, ondoren, Aztakol DJa izango da karpan.
- 20:00. Parrillada.
- 22:00. In Your Face eta McOnak taldeen kontzertuak.
- Ondoren, DJ Aztakolen emanaldia karpan.