Txikia IV.ak irabazi du XXV. Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketa

Anartz Izagirre 2022ko eka. 6a, 10:54

Bost segundoko aldea atera zion azkoitiarrak Iker Vicenteri, eta txapeldun izan zen Izarraitz pilotalekuan jokatutako finalean. Emakumezkoen Banakako Aizkolari Txapelketa, berriz, Nerea Arrutik irabazi zuen, eta Emakumezkoen Harri Jasotze Txapelketa Karmele Gisasola Zelai III.ak. Urrezko Harri jasotze Txapelketa, berriz, Jokin Eizmendik irabazi zuen.

Herri kiroletako hitzordu garrantzitsua izan zen atzo, igandea, Azpeitian. Izan ere, guztira sei aizkolari eta harri jasotze txapelketa jokatu zituzten Izarraitz pilotalekuan, eta hainbat herritar joan ziren erakustaldia ikustera. Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarra izan zen atzoko egunak utzi zuen izen handietako bat, hark irabazi baitzuen XXV. Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketa. Bost lan egin behar izan zituzten Txikia IV.ak, Iker Vicentek eta Mikel Larrañagak, eta lehen bi lanetan otsagabiarra nagusi izan bazen ere, zutikako proban aurre hartu zuen azkoitiarrak, eta azken proban bost segundoren aldearekin irabazi zuen lehia. 22 minutu eta 52 segundo behar izan zituen azkoitiarrak proba amaitzeko; Vicenteren denbora, berriz, 22:57 izan zen, eta Mikel Larrañagarena 24:01.

Emakumezkoen Banakako Aizkolari Txapelketan ere hiru aizkolari aritu ziren nor baino nor gehiago lehian, eta Nerea Arruti izan zen garailea. Bi proba egin zituzten aizkolariek, eta Arrutik bost minututan eta 39 segundotan amaitu zituen probak; bigarrena Nerea Sorondo izan zen (06:13), eta hirugarrena, Laiene Pikabea (07:10).

Harri jasotze probak

Aizkora probez aparte, harri jasotze txapelketak ere jokatu zituzten atzo Izarraitz pilotalekuan. Harri Handiak Urrezko Harri jasotze Txapelketa Jokin Eizmendik eta Jon Unanue Goenatxo III.ak jokatu zuten, eta Eizmendi izan zen garaile. 188 kiloko laukizuzenarekin 1.504 kilo jaso zituen hark, 138 kiloko kubikoarekin 1.794 kilo, eta 113 kiloko bolarekin 2.034 kilo; guztira, beraz, 5.332 kilo altxatu zituen. Goenatxo III.ak, aldiz, 1.316 kilo jaso zituen laukizuzenarekin, 1.656 kilo kubikoarekin, eta 1.808 kilo bolarekin. Guztira, 4.780 kilo jaso zituen azkoitiarrak.

Emakumezkoen Harri jasotze Txapelketa, berriz, Karmele Gisasola Zelai III.ak irabazi zuen, guztira 41 jasoaldi eginda —17 jasoaldi 63 kiloko kubikoari, eta 24 jasoaldi 63 kiloko bolari—. Bigarrena Lur Errekondo izan zen 33 altxaldi eginda, eta hirugarrena, Patricia Marin 31 altxaldi eginda.

Gazteak ere bai

Atzoko herri kirol saioan Aizkolari Gazteen Banakako Txapelketa —23 urtetik beherakoak— eta Aizkolari Gaztetxoen Banakako Txapelketa —19 urtetik beherakoak— ere jokatu zituzten. Banakakoan Hodei Ezpeleta izan zen jaun eta jabe, eta zazpi minututan eta 49 segundotan amaitu zituen bi probak; bigarrena, Jokin Urretabizkaia Basozabal izan zen (09:11), eta hirugarrena, Xuban Kañamares (10:10). Gaztetxoetan, berriz, Isidro Velascok irabazi zuen proba, eta bost minututan eta hiru segundotan amaitu zuen hura; bigarrena, berriz, Igoin Pikabea izan zen (05:24), eta hirugarrena, Amets Ariztizabal (06:41).

(Argazkiak: Ibon Errazu)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide