Azpeitiko Pentsiodunen Mugimenduak aurkeztutako mozioa izango dute eztabaidagai gaurko udalbatzarrean

Maialen Etxaniz 2022ko eka. 7a, 08:24

Azpeitiko udaletxea.

Ohiko moduan, 19:00etan hasita egingo dute bilkura udaletxeko areto nagusian. Mozioaz gain, Loiolako kantinan eta etxolan obrak egiteko zerga hobaria eta kiroldegiko lote bateko esleipenaren atzera-botatzea izango dituzte hizpide. 

Ekainean sartzearekin, lehen asteartez, egingo dute udal ordezkariek hil horri dagokion udalbatzarra gaur arratsaldean. Ohiko moduan, 19:00etan hasita egingo dute bilkura udaletxeko areto nagusian, eta zerrendan gai askorik izango ez badute ere, besteak beste, Azpeitiko Pentsiodunen Mugimenduak aurkeztutako mozioa izango dute eztabaidagai.

Hain zuzen, "adinekoak eta pentsiodunak murrizketa eta digilitazioaren ondoren banku-zerbitzutara jotzeko duten arazo larria dela eta" aurkeztu dute mozioa pentsiodunek, udalari eskaera zehatzak eginez. Besteak beste, Azpeitian dauden banketxe guztietan 65 urtetik gorakoei lehentasunez aurrez aurreko zerbitzua eskaintzeko leihatila bat irekitzeko eskatu dute pentsiodunek, baita Sanjuandegiko Kutxabanken arreta presentziala berriro jar dezaten ere. 

Honako hau da gaurko bilkurako gai zerrenda:

1.- Udalbatzak 2022eko maiatzaren 3an egindako akta onartzea.

2.- Urresillako hilerrian udalak eraiki duen hezurtegiak eskaintzeko irizpideak onartzea.

3.- Loiolako Santutegiko parkeko kantinako etxola eta komunak berritzeko udalak GFAri onartu dion obra baimenari ezargarri zaion zergaren hobaria onartzea.

4.- Azpeitiko Kirol Patronatuaren hainbat kirol, harrera eta mantenu zerbitzuak kontratatzeko espedientean lehen lotearen kontratuaren esleipena atzera botatzea (304K).

5.- Alkatetzak 2021eko azaroan eman zituen ebazpenen berri ematea.

6.- Azpeitiko pentsiodunak proposatutako mozioa, adinekoak eta pentsiodunak murrizketa eta digitalizazioaren ondoren banku zerbitzutara jotzeko arazoaren inguruan.

8.- Galdera eta erreguak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide