Bost hilabete falta dira XL. Euskal Antzerki Topaketetarako, eta horiek iragartzeko kartela hautatzeko prozesuak aurrera jarraitzen du. Dagoeneko amaitu da kartel proposamenak bidaltzeko aukera, eta, orain, aurkeztutako lan guztiak ikusgai jarriko dituzte Betharrameko erakusketa aretoan. Ostiral honetan, ekainak 10, irekiko dute erakusketa, eta ekainaren 19a bitartean izango da lanak ikusteko aukera. Astelehenetik ostiralera, 18:00etatik 20:00etara bitartean egongo da irekita erakusketa aretoa, eta larunbatetan zein igandeetan, 12:00etatik 14:00etara.
Udalak jakinarazi duenez, herritarrek beren gustuko kartelaren aldeko botoa emateko aukera izango dute. Erakusketa irekitzeko Arte eta Diseinu ikastegiaren laguntza izan du erakundeak.
XXXIX. Euskal Antzerki Topaketen kartel lehiaketa Maialen Azkue zarauztarrak irabazi zuen. Epaimahaiak "aho batez" erabaki zuen irabazlea, eta 900 euroko diru saria jaso zuen hark.