Emakumeen Txokoak hamarkada bat bete du, eta ekainaren 17an eta 19an urtemuga ospatuko dute

Anartz Izagirre 2022ko eka. 8a, 10:36

Azpeitiko Udaleko eta Emakumeen Txokoko ordezkariak, 10. urteurreneko egitarauarekin. (Azpeitiko Udala)

Hiru ekintza antolatu dituzte Emakumeen Txokoaren urteurren berezia ospatzeko. Ekainaren 17an, ostirala, Virginia Imazek Sex o no sex ikuskizuna eskainiko du, eta egun bereko arratsaldean luntxa egingo dute. Ekainaren 19an, bestalde, sendabelarren ikastaroa eskainiko du Aiora Urbietak, eta ukenduak egiteko aukera ere izango da bertan. Ekainaren 13a izango da luntxean eta ikastaroan izena emateko azken eguna.

Hamar urte bete dira Izarraitz pilotalekuaren azpiko lokaletan Emakumeen Txokoa ireki zutenetik, eta ordutik, besteak beste, emakumeen ahalduntzearen eta parekidetasunaren aldeko lanketak, proiektuak zein sentsibilizazio kanpainak garatu dituzte gune horretan. Udalak adierazi du Emakumeen Txokoa "emakumeen topaketa gune eta prestakuntza leku bat" izatetik haratago, "elkarren arteko sareak konfiantza eta konplizitate giroan sortzeko" tokia ere izan dela azken urteetan.

Urtemuga berezi hori ospatzeko hainbat ekintza antolatu dituzte ekainaren 17rako eta 19rako; egun horietan "hamarkada honetan egindako lana gogoratu, errekonozitu eta ospatu" nahi dutela azaldu du udalak. Alde batetik, Virginia Imazek Sex o no sex ikuskizuna eskainiko du hilaren 17an, 18:30ean, Sanagustin kulturgunean, eta horren ostean luntxa egingo dute leku berean. Bestetik, hilaren 19an Aiora Urbietak sendabelarren inguruko ikastaroa eskainiko du 09:00etatik 14:00etara bitartean. Eguna hasteko, sendabelarrei buruzko teoria azalduko du Urbietak, eta 10:00 aldera landareak identifikatzen ikasiko dute, horretarako horiek biltzeko txango bat eginda. Azkenik, 12:00 aldera, sendabelarren propietateak ezagutu eta ukendua egiteko aukera izango dute partaideek.

Ekintza horiek guztiak doakoak izango badira ere, aurrez izena eman beharko da luntxerako eta ikastarorako emakumetxokoa@azpeitia.eus helbide elektronikora idatzita edo 688 75 10 00 telefonora deituta. Ekainaren 13a, astelehena, izango da horretarako azken eguna.

Azpeitia parekideagoa helburu

Idoia Arrizabalaga Azpeitiko Udaleko Parekidetasun batzordeburuaren esanetan, Azpeitia "parekideagoa, askeagoa eta jasangarriagoa eraikitzeko gune irekia" da Emakumeen Txokoa. "Horrez gain, jabetze eskola edo bestelako ikastaro, jardunaldi zein hitzaldien bidez emakumeen formazioa eta ahalduntzea lantzen ditugu", gaineratu du. Arrizabalagak azken hamar urteetan Emakumeen Txokoak egindako lana errekonozitu du: "Hamarkada honetan espazio honi bere lekua eta izaera emateko eta emakumeek espazioa bere sentitzeko lanean aritu gara, eta lan izugarria egin da". Ibilbide horretan zehar Emakumeen Txokoaren parte izan direnak nahiz oraindik ere gunea ezagutzen ez duten herritar guztiak gonbidatu ditu batzordeburuak urteurreneko festara.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide