Errezilgo Eskola Txikien Jaira joateko aparkalekua atonduko dute Domusa Teknik enpresan

Nerea Uranga 2022ko eka. 8a, 19:09

Joan den ostiralean aurkeztu zuten datorren igandeko Eskola Txikien Jaia Errezilgo San Martin herri eskolan. (Argazkia: Nerea Uranga)

Datorren igandean, ekainaren 12an, Gipuzkoako Eskola Txikien Jaia ospatuko dute Errezilen, egun beteko egitarauarekin. Bertan autoak aparkatzeko tokirik ez da egongo, horregatik Azpeititik Errezilera doazenentzako aparkalekua prestatuko dute Domusa Teknik lantegian, eta handik autobus zerbitzua ipiniko dute egun osoz.

Eskola txikiak bizirik lelo hartuta, egun osoko egitaraua prestatu dute Errezilen iganderako, Gipuzkoako Eskola Txikien Jaia ospatzeko. Errezilgo herriguneko espazioak jaiko ekitaldiak egiteko erabiliko dituzte, eta bertan autoak aparkatzeko tokirik ez da izango, antolatzaileek azaldu dutenez. Horregatik, Azpeiti aldetik Errezilera doazenentzako aparkalekua prestatuko dute Domusa Teknik enpresan, eta handik egun osoan autobus zerbitzua eskaini dute. Autobusak Domusatik Errezilera joan-etorrian ibiliko dira igandean, 09:00etatik 21:00etara bitartean. Tolosa aldetik Errezilera joan behar dutenentzako, berriz, Bidania-Goiazko industrialdean atonduko dute aparkalekua, eta handik ere autobusa ibiliko da joan-etorrian Errezilera.

Autobus zerbitzuaz gainera, Errezilen bertan kontsigna zerbitzua eskainiko dute Eskola Txikien Jaiaren antolatzaileek, Errezilera bertaratzen direnek modu seguruan gordeta izan ditzaten motxilak, jantziak edo dena delako trasteak.

"Txikitasunaren handitasuna" eta eskola txikien garrantzia aldarrikatzeko, ekainaren 12rako Errezilen prestatu duten Eskola Txikien Jaiaren egitaraua honakoa da:

  • 10:00-11:00. Harrera ekitaldia, dantzalekuan.
  • 11:00-14:00. Batukada herrian barrena
    – Herriko produktuen azoka, Goiko plazan
    – Herri kirolak, San Martin herri eskolan
    – Puzgarriak, Beheko plazan
    – Trebezia zirkuitua, San Martin herri eskolan
    – Zirko tailerra, San Martin herri eskolan
    – Eskalada txokoa, Beheko plazan
    – Sormen tailerrak, zimiterioan
    – Elkar ezagutuz jolasa, zimiterioan
  • 14:30-15:30. Bazkaria, frontoian.
  • 15:30-17:00. Andoni Ollokiegiren kontzertua, frontoian.
  • 17:00-17:30. Ikasleen antzerkia, Maria Dolores Agirre, dantzalekuan.
  • 17:30-18:30. Baserriko porrusalda clown emanaldia, dantzalekuan.
  • 15:00-19:00. Puzgarriak, San Martin herri eskolan.
  • 18:30-20:00. Argizulo Dup Station taldearen kontzertua, dantzalekuan.
  • Egun osoan, Errezil Sagarraren ibilbidea egiteko aukera. 3,5 kilometro ditu, eta ordubete inguruan egin daiteke oinez.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide