Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa hasi da bukaerara iristen. Izan ere, lehian jarraitzen duten lau taldeek asteburuan jokatuko dituzte finalerdietako itzulerako norgehiagokak. Azpeitia 2 eta 1eko abantailarekin iritsiko da ostiraleko zitara. Hain zuzen ere, joanekoan lortutako emaitzarekin, esku-eskura du finalerako txartela. Dena den, hiru partidak jokatu egin beharko dituzte Ilunpeko pilotariek, 22:00etan hasita, Izarraitz pilotalekuan.
Bigarren finalaurrekoa Hernani eta Oiartzun ari dira jokatzen. Joan zen asteburuan Hernani gailendu zen 2 eta 1, baina lehia irekita dago, eta beraz, ikusteko dago bi talde horietatik zeinek lortuko duen finalera sailkatzea. Finala ekainaren 25ean, larunbatez, izango da.
Hainbat partida
Bestalde, bihar, osteguna, 19:00etan hasita Errendimendu Txapelketako partidak jokatuko dituzte infantil mailako pilotariek Frontoi Txikian. Ostiralean ere izango da neurketarik; zehazki, 18:00etatik aurrera, bost neurketa jokatuko dituzte kadeteek, infantilek eta nagusiek. Horrez gain, Lau eta Erdiko Txapelketako partida bat ere izango da zapatuan, 10:30ean Izarraitzen.