Iaz lortutako txapela defendatuko du Azpeitiak eskuzko Gipuzkoako Herriarteko Txapelketan. Joan den zapatuan Tolosan 1 eta 2 irabazi eta kanporaketan abantaila ia erabakiorra lortuta, atzo gauean lanak borobildu eta finalerako txartela bereganatu zuten Ilunpeko pilotariek, finalaurrekoaren itzulerakoan Tolosakoei hiru partidak irabazita.
Kadete mailan, Otaegik eta Larrañagak 22 eta 7 menderatu zuten Tolosako bikote gaztea. Jubeniletakoa izan zen gaueko partidarik estuena. Tolosan maila horretako partida izan zen azpeitiarrek galdu zuten bakarra, baina atzo hori ere Ilunpekoentzat izan zen: 22 eta 18 irabazi zuten Odriozolak eta Urtzi Egigurenek. Finalerako txartela poltsikoan zuen Azpeitiak, aise, eta Iker Egigurenek eta Elosegik 3 eta 0ekoa sinatu zuten seniorren partidan, 22 eta 12 irabazita.
Horrenbestez, gaur zortzi, ekainaren 25ean, Donostiako Atano III.a pilotalekura itzuliko da Azpeitia, Gipuzkoako Herriartekoaren bederatzigarren txapelaren bila. Gaur jakingo du nor izango duen aurrean, Hernani ala Oiartzun. Hernanik 2 eta 1 irabazi zuen finalaurrekoaren joanekoa, eta bihar Oiartzunen jokatu behar dituzte itzulerako partidak.
Jon Alberdiri aitortza
Aurtengo Gipuzkoako Herriartekoaren azken jaialdia izan zen atzokoa Izarraitzen, eta Jon Alberdi Promozio mailako buruz buruko txapeldunari aitortza egiteko baliatu zuen Ilunpe pilota elkarteak.
Jubenilekin kantxaratu zen Alberdi, eta berak bota zuen airera lehen sakea erabakitzeko txapa. Aurretik, oroigarria jaso zuen Ilunpeko Jabi Odriozolaren eskutik, Izarraitzen elkartutako pilotazaleen txaloekin batera.
Alberdik berak sare sozialetan erabiltzen duen esaldi bat letra larriz zizelkatuta du atzo Ilunpekoek oparitu zioten oroigarriak: "Txapelketa norgehiagoka da, baina garrantzitsuagoa da nor izatea, gehiago izatea baino".