Pala txapelketako finalarekin, bazkariarekin eta kontzertuekin bukatu dira Orkatzen urtemugako ospakizunak

Julene Frantzesena 2022ko eka. 19a, 09:00

Pala Txapelketa Marenek eta Etxaunek irabazi dute, eta kopako finala, berriz, Anek eta Jonek. Bazkaria Sanagustin kulturgunean egin zuten hainbat lagunek, eta gauean, berriz, Leherkaitz eta Selektah Stepiren emanaldiak izan ziren Orkatzen.

Atzo egin zituzten Orkatz kultur elkartearen 29. urteurrenaren bueltan antolatutako azken ekintzak. Asteazkenaz geroztik, hitanoari buruzko hitzaldia, trikiti jaialdia eta bertso saioa izan dira Orkatzen bertan, eta atzo pala txapelketa, bazkaria eta kontzertuak izan ziren.

11:00etan hasita, Pala Txapelketako finala jokatu zuten bi bikotek Frontoi Txikian; Nagorek eta Jonek Etxaunen eta Marenen aurka neurtu zituzten indarrak. Partidaren hasierako norabidea bestelakoa izan bazen ere, Etxaunek eta Marenek lortu zuten aurtengo txapela, partida 22 eta 16 irabazita. Ondoren, kopako finala jokatu zuten Anek eta Jonek Andrearen eta Keparen kontra, eta Anerentzat eta Jonentzat izan zen garaipena, partida estua jokatuta 22 eta 21 bukatu baitzen norgehiagoka.

Orkatzeko kideek Sanagustin kulturgunean egin zuten bazkaria, eta bazkalostean, hantxe banatu zituzten Pala Txapelketako txapelak. Gauean, berriz, Leherkaitz eta Selektah Stepiren emanaldiak izan ziren Orkatz tabernan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide