Uztailaren 2an ospatuko dituzte Damaso Azkue auzuneko festak

Julene Frantzesena 2022ko eka. 21a, 09:51

2019ko Damasoko festetako irudia.

Hainbat ekitaldi antolatu dituzte egun horretarako, hala nola tortilla lehiaketa, hamaiketakoa, txarangaren kalejira, Iago magoaren emanaldia, umeentzako merienda eta auzo afaria. Tortilla lehiaketarako eta auzo afarirako aurrez izena eman beharko da.

Damaso Azkue auzoko bizilagunak hasi dira aurtengo festak prestatzen. Dagoeneko zehaztu dute jaien data; aurtengoan, uztailaren 2an, larunbatez, ospatuko dituzte auzuneko festak, egun osoko egitarauarekin.

Hainbat ekitaldi antolatu dituzte egun horretarako, hala nola tortilla lehiaketa, hamaiketakoa, txarangaren kalejira, Iago magoaren emanaldia, umeentzako merienda eta auzo afaria. Herritar orok izango du horietan parte hartzeko aukera, baina, tortilla lehiaketan, esaterako, aurrez izena eman beharko da, baita auzo afarian ere.

Tortilla lehiaketan parte hartu nahi duten auzotarrek Laratz tabernan eman beharko dute izena banaka edo binaka, ekainaren 22a baino lehen. Izena ematen duen pertsona kopuruaren arabera erabakiko dute lehiaketa egin edo ez.

Bestalde, umeen eta helduen auzo afarietarako ere izena eman beharko da. Laratzen izango da horretarako aukera ekainaren 28a, asteartea, bitartean. Umeek zortzi euro ordaindu beharko dute otordua –4 urtetik beherakoak doan–, eta helduek, berriz, hogei euro.

Hona hemen aurtengo jaietako egitaraua:

11:00. Tortilla lehiaketa.

12:15. Hamaiketakoa.

12:30. Txaranga poteoa.

17:30. Merienda.

18:00. Iago magoaren emanaldia.

19:00. Txaranga poteoa.

20:30. Umeen afaria.

21:30. Helduen afaria.

23:00. Musika.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide