Inauguratu dute skate parke berria

Andoni Elduaien 2022ko eka. 21a, 21:33

Udaleko ordezkariek eta skate zaleek gaur arratsaldean inauguratu dute Izarraitz Atean kokatutako skate parke berria. Mikel Odriozola Festak, Gazteria eta Hezkuntza zinegotziak nabarmendu du Euskal Herriko skate parkeen artean Azpeitiko "erreferentea" izatea nahi dutela. Skate zaleak "gustura" agertu dira emaitzarekin, eta jakinarazi dute uztailaren 9an egun osoko festa egingo dutela parke berriaren bueltan.

Gaur, asteartea, inauguratu dute Izarraizko Atea parkeko skate parke berria. Skate mundua gustuko duten dozenaka haurrek, nerabek zein gaztek parte hartu dute ekitaldian, eta horiek skate pistetan dituzten abileziak ere nabarmen gelditu dira. Udalaren izenean, berriz, Mikel Odriozola Festa zinegotziak, Egoitz Arruti Kirol zinegotziak eta Ainara Larrañaga Gazteria zinegotziak parte hartu dute inaugurazio ekitaldian.

Skate parkeak hiru altuera eta sakonune handi bat du. Horrez gain, kaleko parkea ere badu, baranda baxuekin eta bestelako koxka nahiz malda batzuekin. Odriozolak nabarmendu duenez, udalak skate parkea egiteko eskaera parte hartze prozesuaren eta Gazteriaren bitartez jaso zuen. "Sanjuandegiko skate parkea zaharkituta zegoela ikusi genuen. Proiektu txiki bat ere egin genuen berritu zitekeen edo ez ikusteko, baina gaur egungo modalitateetarako ez zegoen egokituta gunea. Horregatik erabaki zuen udalak berria egitea".

Proiektu berria Izarraizko Atea parkean egitea erabaki zuenean, erakundea skate zaleekin jarri zen harremanetan. Hala adierazi du Odriozolak: "Oso gustura gaude egin dugun parte hartze prozesuarekin. Skate zaleekin elkarlanean egin dugu parke berria. Hasieran, bilera bat egin genuen gazteekin, horiek zer behar zituzten jakiteko eta zer-nolako skate parkea nahi zuten jakiteko. Ideia batzuk jaso ondoren, proiektuaren lehen zirriborroa egin genuen, eta horren gainean moldaketak egin ditugu ondoren". Era berean, zinegotziak nabarmendu du skate zaleek zuzenean parte hartu dutela proiektuan. "Skate parke hau skate zaleek egindakoa izan da hein handi batean, beraiek zuzeneko harremana izan baitute skate parke hau egin dutenekin".

Aurrerantzean, skate zaleek beren gunea izango dutela nabarmendu du Odriozolak. "Azpeitiko Euskal Herriko skate parken artean erreferentea izatea nahi dugu. Skate parke handi bat egin dugu, herrian afizioa badagoela ikusi baitugu". Odriozolak gaineratu duenez, skate kirola maite dutenentzako "elkargunea" izango da parke berria. "Belaunaldi desberdinen gunea izango da, eta erabiltzaileek bertako arauak errespetatzea eta zaintzea espero dut. Goza dezatela.".

Skate zaleak, "gustura"

Iñigo Garcia skate zaleak nabarmendu du "joko handia" emango duen parkea izango dela Izarratz Atea parkekoa. "Parkea egin dutenek esan digute oso handia eta ona dela, eta gerora ere urtero txapelketak egiteko aukera emango duela". Gaztearen arabera, duela gutxira arte skate zaleak ez ziren arduratu Sanjuandegiko skate parkearen egoeraz, baina azken urteetan egoera txarrean ikusten zuten hura. "Skate parkearen egoera ikusita, ez zen jende gehiegi hurbiltzen parke hartara. Orduan eskatu genion udalari parke berria egiteko proiektua gauzatzerik ba al zegoen".

Garciak uste du kirol desberdinak egiteko aukera emango duela skate parke berriak. "Bizikletan, skatean edo monopatinean ibili daiteke parkean. Halere, irudimena martxan jartzen ere lagunduko du guneak, gauza asko egiteko aukera ematen baitu. Hasieran kostatu egingo zaigu ohitzea, baina denboraren poderioz jende gehiago hurbilduko den itxaropena dugu; izan ere, badakigu herritik kanpoko jendea hona etortzeko gogotsu dagoela. Kirol honek indarra hartuko du herrian, eta oso gustura gaude".

Uztailaren 9an, festa

Skate zaleek, udalaren laguntzarekin, skate parke berria behar bezala inauguratzeko festa antolatu dute uztailaren 9rako. Goizean, haurrentzako tailer bat eskainiko dute Izarraizko Atean. Jakinarazi dute gunea musikak girotuta egongo dela une oro. Gainera, grafitigileek muralak margotuko dituzte parkearen bueltan jarriko dituzten zenbait paneletan.

Eguerdian, berriz, bazkaria egingo dute, eta arratsaldean, skate erakustaldia. Ikuskizunean parte hartuko duten kide guztiak oraindik lotu gabe badituzte ere, izen batzuk aurreratu ditu Garciak. "Jende ona dator, munduko, Espainiako eta Euskal Herriko skaterrak. Red Bulleko kideak diren Dani Leon eta Sergio Layos etortzekoak dira, baita Ian Porciano eta Larrun Barrenetxea ere. Teresa Williams, aldiz, zalantzan dago". Eguna amaitzeko, berriz, parrillada egingo dute, eta gauean Ugalde DJak emanaldia eskainiko du.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide