Juan Antxieta musika eskolak doinuetan elkartuta agurtu dute 2021-2022 ikasturtea. Gaur, asteazkena, arratsaldean egin dute musika eskolako ikasleek eta irakasleek ikasturte amaierako erakustaldia, eta urtero legez, hutsik egin gabe bete dute ikus-entzuleek Soreasu antzokia.
Musika eskolako ikasle txikienekin hasi da jaialdia, eta ondoren helduenen txanda izan da. Pixkanaka-pixkanaka haizezko zein metalezko eta harizko musika tresnen ikasleak agertoki gainera igotzen joan dira, baita trikiti zein txistu ikasleak ere. Abesti batzuk abestuta, eta beste batzuk musika tresnekin solik interpretatuta, azken hilabeteetan ikasitakoa asko izan dela erakutsi dute guztiek. Ikasleak taldez talde igo dira agertokira, harik eta oso-osorik Juan Antxieta musika eskolaren egungo puzzlea osatu duten arte.
Zozketako zenbaki saridunak ateratzeko ere baliatu dute arratsaldeko jaialdia. Aurten, bi heldurentzat eta bi haurrentzat Madrilera asteburu pasa bat zozkatu du musika eskolak, han musikal bat ikusteko sarrerekin batera. 3.077 izan da saritutako zenbakia eta horren jabeak hamabost eguneko epea izango du saria jasotzeko; horrela izan ezean, ordezko zenbakiaren jabearentzat (3.037) izango da bidaia.