San Joan bezperan ohikoa denez, 22:00ak aldean sua piztu zuten plazan, eta haren bueltan dantzan aritu ziren Luis Beltza eta Ikasberriko dantza eskolako ikasleak nahiz Jose Mari Orbegozo eta Marian Amenabar dantzariak, musika eskolako hainbat musikariren doinupean.
Sua piztu baino lehenago, izugarrizko zaparrada bota zuen herrian, eta ondorioz, sua piztea kostatu egin zitzaien udal brigadako langileei, baina piztu zuten unetik gauerdira arte atsedena eman zuen euriak.
Plaza jendez bete zen, suaren bueltan egindako dantzez gozatzeko, eta ekitaldia bukatzean, herritarrek suaren bueltan egoteko parada izan zuten; haur eta gaztetxo ugarik aprobetxatu zuten unea sutara kartoiak eta paperak botatzeko.