Uda honetan, 250 ateraldiko langa gainditu nahi du Azpeitiko Odol Emaileen Elkarteak. Ekaineko, uztaileko eta abuztuko hitzorduetan lortu nahi dute odol emate kopuru horretara iristea, Gipuzkoan odol premia handia delako.
Lehen hitzordua datorren asteazkenerako, ekainaren 29rako, jarri dute. Parrokiaren Soreasuko lokalean –lokal horretarako sarrera Perez Arregi plazatik Soreasu antzokira arteko pasabidean dago– eman ahal izango da odola, 17:00etatik 21:00etara bitartean.
Asteazkenerako aurrez hitzordua hartu beharko da, 943-00 78 84 telefono zenbakira deituta. Astelehenean eta asteartean 08:30etik 20:00etara eskatu ahal izango da zita, eta asteazkenean, 08:30etik 14:00etara bitartean.