Azpeitiak ezin izan du eskuzko Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa irabazi. Bederatzigarren txapela lortzeko asmoz egin dute bidaia Ilunpeko pilotariek gaur, larunbata, Donostiako Atano III.a pilotalekura, baina nagusitasunez irabazi duten aurkariekin egin dute topo. Oiartzunek kadete eta gazte mailako partidak irabazi ditu, eta horrenbestez, Herriarteko txapela jantzi dute historian bigarren aldiz.
Kadete mailako partidan, Gipuzkoako eta Euskal Herriko txapeldunak izan dituzte aurkari Ilunpeko Iker Otaegik eta Oier Larrañagak. 35 minutu eskasean jokatu dute partida, eta oiartzuarrek 22 eta 7 irabazi dute. Oihan Etxeberria eta Mikel Leonet oiartzuarrek lau tantoko errenta hartu dute partidaren hasieran, baina azpeitiarrek lehia parekatzea lortu dute. 7 eta 5 ere joan da norgehiagoka, baina, oiartzuarrek lehia hautsi dute bederatzi tanto erreskadan eginda; horrela, garaipena bideratuta utzi dute. Otaegik bi tanto egin ditu, eta markagailua 16 eta 7ra iritsi da, baina txapeldunek beste zortzi tanto eginda eskuratu dute finaleko lehen puntua.
Gazte mailako partidan ere aurkari gogorrak izan dituzte Ilunpeko Beñat Labakak eta Beñat Ezamak. Oiartzungo Oier Zabaleta maisutasun, indar eta abiadura handiz aritu da, eta hamabost tanto egin ditu. Gainera, Unax Landa atzelari luzeak babestuta egon da hura, une oro. Hori horrela, 22 eta 10 irabazi dute oiartzuarrek, eta bigarren puntua batuta, txapela ziurtatzea lortu dute. Oiartzuarrek hasiera-hasieran lortu dute markagailuan zuloa egitea, 10 eta 2 aurretik jarri baitira segituan. Azpeitiarrek bi tanto egin dituzte gero, eta 10 eta 4 adierazi du markagailuak, baina txapeldunak 18 tantoraino iritsi dira, zortzi tanto bata bestearen atzetik eginda. Azpeitiarrek partidaren hondarrean egindako tanto sortarekin lortu dute markagailua itxuratzea.
Nagusien mailan, Azpeitia nagusi
Finala galduta, ezer jokoan ez zegoen sentipenarekin atera dira kantxara Iker Egiguren eta Josu Labaka Azpeitiko pilotariak, lasai. Oiartzungo Eneko Zalakain eta Imanol Ugalde izan dituzte aurkari, eta aise nagusitu dira Ilunpekoak. Denbora guztian aurretik izan dira markagailuan: 4 eta 0, 9 eta 1, 19 eta 7, 22 eta 10. Partida oso azkarra izan da, eta joko izugarria egin dute Azpeitiko pilotariek; Egigurenek sekulako erakustaldia eman du. Espero zen nagusien mailako partida Azpeitiak irabaziko zuela, baina aurreko biak galduta, ezin izan dute txapela jantzi Ilunpekoek.