Javier Egiguren (Azpeitia, 2002) triatleta Euskadiko txapeldun izan zen atzo, igandea, Donostian jokatutako Onditz memorialean, 23 urtez azpikoen mailan. 1.500 metro igerian, 40 kilometro bizikletan eta hamar kilometro korrika egin behar izan zituen kirolariak. Sailkapen orokorrean zortzigarren postua eskuratu zuen, eta Euskadiko txapelduna izan zen.
Bolada onean dabil azpeitiarra, eta beste lorpen esanguratsu batzuk ere eskuratu ditu denboraldian zehar. Joan den astean, Euskadiko txapelduna izan zen Lekeitioko (Bizkaia) triatloian, eta martxoan jokatutako Zizurkilgo (Gipuzkoa) duatloian, Gipuzkoako txapeldun absolutua eta 23 urtez azpikoen artean txapelduna izan zen.