Festen atarian, sexu erasoen inguruko sentsibilizazio eta formazio kanpaina jarri dute martxan

Julene Frantzesena 2022ko eka. 28a, 12:40

Azpeitiko Udalak eta Emakumeen Txokoak emakumeei zuzendutako bi hitzordu zehaztu dituzte datorren asterako. Asteazkenean sexu erasoen aurrean zer salaketa eta defentsa aukera dauden aztertzeko solasaldia izango da Emakumeen Txokoan, eta ostiralean, neska gazteei zuzendutako autodefentsa feminista ikastaroa. Saio horretarako aurrez izena eman beharko da.

Sexu erasoen inguruko sentsibilizazio eta formazio kanpaina jarri dute martxan Azpeitiko Udalak eta Emakumeen Txokoak, Nik xinisteñat! Eraso sexisten aurrean, zer? izenburupean. Bi urteko etenaren ostean, uztailean eta abuztuan Santio eta San Inazio jaiak izango dira herrian, eta sexu erasoen lanketan sakontzeko beharra ikusi dute bi erakundeek.  Hori dela eta, hitzaldi eta tailer bana antolatu dituzte datozen egunetarako.

Uztailaren 6an, asteazkenez, hitzaldia izango da Sexu erasoak festetan. Zer salaketa eta defentsa aukera ditugu? izenburupean. Irule abokatu elkarteko kideek eskainiko dute emakumeen zuzendutako solasaldia Emakumeen Txokoan, 17:00etan hasita.

Uztailaren 8an, ostiralez, berriz, neska gazteentzako autodefentsa feminista ikastaroa izango da, 09:00etatik aurrera Emakumeen Txokoan. Saioa doakoa izango da, baina ezinbestekoa da aurrez izena ematea Emakume Txokoko 688 75 10 00 edo Gaztelekuko 943-15 71 61 telefono zenbakietara deituta edo emakumetxokoa@azpeitia.eus edo gazteria@azpeitia.eus helbide elektronikoetara mezua idatzita.

Udalak adierazi duenez, "giroaz nahiz konpainiaz gozatzeko momentuak" izaten dira festak, baina "tamalez" sexu erasoak ere notizia izaten dira. Horregatik, urteetan egindako lanketarekin jarraituz, beste urrats bat egingo dute aurtengoan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide