Iraurgi Berritzen garapen agentziak Loiolako turismo bulegoaren bidez kudeatzen duen Urola Turismoak bisita gidatuen programaren aurtengo udako edizioa aurkeztu du. Loiola bailara, historia eta paisaia bazterrak izenpean, eskualdeko ondarea ezagutzeko doako bisita gidatuak eta ibilaldiak egiteko aukera izango da irailera bitartean. Biharko, zapaturako, bisita gidatu horietako bat egiteko asmoa zuten Azpeitian; hain zuzen ere, Azpeitia XVI. mendean izeneko bisita gidatua. Jarduera hori, baina, atzeratu egin dute, eta data berria jartzen dutenean jakinaraziko dutela zehaztu du Iraurgi Berritzenek.