Gizarte Zerbitzuetako bulegoak Alberdieneko etxeen beheko solairura eramango ditu udalak

Mailo Oiarzabal 2022ko uzt. 1a, 12:39

Alberdieneko etxebizitzen beheko solairuan izango dute egoitza berria udaleko Gizarte Zerbitzuek datorren urtetik aurrera. (Nerea Uranga)

Abuztuan hasiko dituzte egoitza berria egokitzeko lanak eta datorren urte hasieran zerbitzua kokapen berrian ematen hastea aurreikusten dute. Udaletxeko bigarren solairuan daude gaur egun Gizarte Zerbitzuen bulegoak, eta "lekua txiki gelditzen ari delako eta herritarrei zerbitzuak gerturatzeko" erabaki du udalak tokiz aldatzea.

Gizarte Zerbitzuen bulegoak udaletxetik atera eta 1766ko Matxinada kaleko 2. eta 3. zenbakien beheko solairuetara –Alberdieneko etxeetara– eramango ditu Azpeitiko Udalak. Erakundeak gaur jakinarazi duenez, Gizarte Zerbitzuen bulego berriak egokitzeko lanak abuztuan hasiko dituzte, eta 2023ko hasieran bulegoak lekuz aldatzea aurreikusten dute.

Udaletxeko bigarren solairuan daude gaur egun Gizarte Zerbitzuen bulegoak, eta "lekua txiki gelditzen ari delako eta herritarrei zerbitzuak gerturatzeko" erabaki du udalak tokiz aldatzea. Azken urteetan Gizarte Zerbitzuen saila "asko hazi" dela nabarmendu du udalak, "bai zerbitzuen kopuruan eta baita herritarren beharrei erantzuteko giza baliabidetan ere". Hamar langile ditu gaur egun Gizarte Zerbitzuen sailak: zerbitzuaren arduraduna, bost gizarte langile eta lau administrari.

Adinekoak eta pertsona zaurgarriak dira zerbitzu horien erabiltzaile asko, eta haiei eta gainerako herritarrei zerbitzu hobea eta irisgarriagoa eskaintzea da bulegoak lekuz aldatzearen arrazoi nagusia. "Azken urteotan gero eta herritar gehiagok jotzen dute Gizarte Zerbitzuetara zerbitzu bat edo besteren beharra dutelako edo laguntzaren bat tramitatzeko helburuz. Gizarte Zerbitzuetara joatea errazagoa izan dadin, eta gertukoagoa bihurtzeko helburuz, kaleko mailan kokatuko dugu", zehaztu du Nagore Alkorta alkateak.

Sarrera, Goiko kaletik

Egoitza berriari dagokionez, besteak beste, "harrera lekua indartuko" duela azaldu du udalak, eta horrekin erabiltzaileentzako "erosotasuna, irisgarritasuna eta diskrezioa bermatu" nahi dituzte.

Unebide Obras y Contratas SL enpresak egingo ditu Gizarte Zerbitzuen egoitza berriko lanak; abuztuan hasita, obrak lau hilabetean bukatzea aurreikusten du udalak.

Egoitza berriaren ezaugarriei dagokienez, 402 metro koadro izango ditu; sarrera, administrarientzako lekua, sei bulego, bi itxaron gela eta arreta tokia izango ditu, besteak beste. Gizarte Zerbitzuen gune berriak Goiko Kaletik izango du sarrera.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide