Txirrindularitza natura betean egiten den kirol diziplina da, eta meteorologiaren elementuak ezin dira aldatu, zorionez. Euria goian behean egin du Danimarkako hiriburuan, Kopenhagen, lauak eta bosterdiak bitarte, eta errepidea erabat putzututa utzi oilarrek lehiatzera zihoazenean. Iragarpenek zioten euria egin zezakeela, baina arratseko zazpiak aldera, arratsalde erdian baino. Kale egin dute, Tourrean milioi euroko inbertsioa egiten duten azpiegiturek eguraldia aztertzeko bitarteko onenak erabiltzen dituztelako. Jumboko Roglic eta Vingegaardek, eta UAEko Pogacarrek arratseko bostak aldera ekin diote, baina euria izan dute lodi. Podiumera igotzeko hautagai gehienak ere paretsu abiatu dira, ordu laurdeneko tartean.
Baldintzak kaskarrak izanda ere, Pogacar faborito nagusiak erakustaldia eman du. Bihurguneetan ez du sobera arriskatu, eta tarteka ere baldar samar sumatu zaio zenbait kurbatan, baina ordekan eman dio, eta nola. Van Aert eta Filippo Ganna adina bizkor joan da esloveniarra, eta horrek oso azkar joan dela esan nahi du. Van Aert gainditzear izan da helmugan, baina bi segundo gehiago behar izan ditu azkenerako Pogacar gazteak. Zortzi gehiago behar izan ditu Vingegaardek, 9 Roglicek, 18 Thomasek, edota 24 Vlasovek. O'Connor eta Mas izan dira kaskarrenak erlojupekoan, 54 eta 49 segundo galduz Van Aertekiko, hurrenez hurren.
Van Aert Tourrak erlojupekoetan behin-behineko garaileentzat jartzen duen butaka erosoan zegoen, meriendatzen lasai-lasai, minutuak kontatzen podiumera igo eta lehen maillot horia jartzeko, baina gosetuta hartu behar izan du hotelerako bidea behingoz. Zergatik? Yves Lampaertek menderatu duelako, eta aise gainera. Bost segundotan hobetu du Quick Step taldekoak Van Aerten denbora. Belgikarra ondo moldatzen da erlojupekoetan, Belgikako txapelduna da diziplinan, baina ez Van Aert eta Ganna lokomotorak menderatzeko beste. Azalpen logiko bakarra, Lampaertek Van Aertek eta Gannak baino eguraldi baldintza hobeak izan dituela da, euririk ez eta errepidea lehorxeago. Van Aert bera ere aho bete hortz geratu da Lampaerten denborarekin, baina "chapeau" bat ahoskatu du, kirol legez.
Bigarren etapa ere Danimarkan jokatuko da. Sjaelland uhartean abiatu, Roskilde hirian, eta Fyn uhartean bukatu, Nyborg hirian. 202 kilometroko saioa da. Tropeleko oilarrengan beldurra eragin duen etapa da, batez ere etapako azken 20 kilometroetan zeharkatu beharko duten Gran Belt zubia dagoelako. 16 kilometro da luze, eta itsasarte gainetik 254 metroraino altxatzen da. Haizeak gogor astintzen omen du zubi horretan, eta tropelak 20 bat minutuko lana izan dezake zubi osoa zeharkatzen. Behin zeharkatuta, hiru kilometro baino ez helmugara, eta zubian haize-babesak sortu eta tropela hausten bada, erremediorik emateko modurik ez. Zubira iritsi aurreko tartean borroka handia espero da, kokapen egokia lortzeko. Normalean esprintean bukatzeko moduko etapa da, baina haize-babesek baldintzatuko dute bilakaera.
Hautagaiak helnugan:
Pogacar 15.24
Vingegaard +6
Roglic +7
G Thomas +16
Vlasov +22
Daniel Felipe Martínez +35
Bardet +36
Quintana +40
Gaudu +41
Haig +42
Caruso +46
Mas +47
O'Connor +52
G Martin +54
Pinot +1.12