Erabakitzeko eskubidearen aldeko Pirinioetako Bidea egitasmoa izango da gaur, larunbata, Hondarribiko Higer lurmuturraren eta Kataluniako Creus lurmuturraren artean. Herritarrek 300 bat gailur argiztatuko dituzte, 21:00etatik 22:30era bitartean, Gure Eskuk eta Kataluniako ANCk eta FEEC-k antolatuta eta Omnium Culturalek zein Artistes de la Republicak lagunduta.
Azpeitiko Gure Eskuk jakinarazi duenez, guztira 150 azpeitiar inguruk eman dute izena egitasmoan, eta horietatik 70 herritar inguru 17:00etan autobusez abiatu dira Larhunera. Gainontzekoak, beren kasa joango dira Larhun mendia argiztatzera. Azpeitiarrak ez ezik, gaurkoan Larhun argiztatzen izango dira Errezilgo, Beizamako, Zarauzko, Orioko eta Aiako bizilagunak ere; Zestoakoak, Zumaiakoak eta Aizarnazabalgoak, berriz, Manddale mendira joango dira, eta Getariakoak Xoldoko gaina, Larhun eta Ibantelira.
Uztarria.eus-en, zuzenekoa ikusgai
Egitasmoaren zuzeneko saioa egingo dute hainbat hedabidek, eta emankizun hori Uztarria.eus-en ere ikusi ahal izango da gaur. 21:00etatik 22:30era izango da saioa, Maider Galardi eta Ana Iruretagoiena esatariek gidatuta. Gure Eskuk adierazi duenez, gailurretako eta aireko "irudi ikusgarriak" izango dira. Gainera, 21:15etik 22:50era ekitaldi politiko nagusia egingo dute egitasmoaren sustatzaileek Guils de Cerdenyatik (Katalunia), eta hango irudiak mendietakoekin uztartuko dituzte.