Ikasturteko azken elkarretaratzea eginda, pentsiodunak irailaren 5ean itzuliko dira plazara

Maialen Etxaniz 2022ko uzt. 4a, 13:29

Azpeitiko Pentsiodunen Plataformako kideek gaur plazan egin duten elkarretaratzeko irudia. (Pentsiodunen Plataforma)

Gaur egin dute "pentsio, zaintza eta osasungintza publiko eta duinak" aldarrikatzeko ikasturteko azken elkarretaratzea plazan. Irailean ekingo diete berriro kontzentrazioei. Pentsiodunen Plataformak jakinarazi duenez, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren Bizikleta Martxako zozketak badu zenbaki saritua. 

Azpeitiko Pentsiodunen Plataformak gaur, uztailak 4, egin du ikasturteko azken elkarretaratzea herriko plazan. Ikasturtean zehar astelehenero elkartu dira, "pentsio, zaintza eta osasungintza publiko eta duinak" aldarrikatzeko. Gaur ere 12:00etan egin dute kontzentrazioa, eta horren ostean, ikasturtea agurtzeko, mokadutxoa egin dute Azoka Plazan. Plataformako kideek eskerrak eman dizkiete haien aldarriekin bat eginez astelehenero plazara bertaratu diren guztiei. Era berean, jakinarazi dute irailaren 5ean itzuliko direla plazara.

Bizikleta Martxako zozketa

Euskal Herriko Pentsiodunen Bizikleta Martxako zozketak badu zenbaki saritua. Jakinarazi dutenez, "lehen saria 8.005 zenbakiari dagokio, hori baita uztailaren 2an ONCEko kupoiaren azken lau zenbakiekin bat etorri dena". Bigarren saria uztailaren 9an aterako dute, eta hori ere ONCEren kupoiko azken lau zenbakien araberakoa izango da.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide