Jon Orbegozo eta Joanes Azkue nagusi, Azpeitiko I. Tenis Txapelketa Irekian

Maialen Etxaniz 2022ko uzt. 4a, 19:15

Ezkerretik eskubira, Kepa Urbieta, Igor Zubizarreta, Jon Orbegozo eta Joanes Azkue. (OƱatz tenis kluba)

Larunbatean jokatu zituzten txapelketaren finalak udal kiroldegiko tenis pistetan. Lehen mailako finalean Jon Orbegozo izan zen garaile, eta bigarren mailakoan Joanes Azkue. Oñatz tenis klubeko kideek txapelketaren "balorazio positiboa" egin dute.  

Oñatz tenis klubak antolatuta, Azpeitiko I. Tenis Txapelketa Irekiaren finalak jokatu zituzten zapatuan Azpeitiko udal kiroldegiko tenis pistetan. Lehen mailako finala Jon Orbegozok eta Igor Zubizarretak jokatu zuten, eta Orbegozo izan zen nagusi, partidak 6-2 eta 6-1 irabazita. Bigarren mailako finala Joanes Azkuek eta Kepa Urbietak jokatu zuten, eta estu egon zen lehia. Aurreneko partidan Azkuek aurre hartu zuen markagailuan, neurketa 6-4 irabazita. Bigarrengoan, ordea, Urbietak buelta eman zion markagailuari, partida 4-6 irabazita. Azkenean, Azkue izan zen nagusi, super tie-a 10-4 irabazita. 

Antolatzaileen hitzetan, partidak "oso interesgarriak" izan ziren, eta klubak txapelketaren balorazio "positiboa" egin du. "Oso gustura gaude txapelketan ikusitakoarekin eta jokalari guztien jarrerarekin", adierazi dute Oñatzeko kideek. 

Absolutu mailako banakako sariketa mixtoa izan da Azpeitiko I. Tenis Txapelketa Irekia, eta guztira hamabi lagunek parte hartu dute. Joan zen maiatzaren 15ean ekin zioten sariketari, eta hainbat astez partidak jokatu ostean, joan zen larunbatean, uztailaren 2an, eman zioten amaiera. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide