Ezohiko agertokiekin iritsiko da 'Udako Musika Printzak' zikloa

Julene Frantzesena 2022ko uzt. 5a, 14:10

Ignacio Arakistain organo-jotzailea eta Agustin Lizarralde zinegotzia Garbitokian. (Azpeitiko Udala)

Askotariko estiloak eskainiko dituzten hiru kontzertu izango dira datozen asteetan herrian; ganbera musika emanaldia, The Chickpeas jazz taldearen kontzertua eta Irungo Iga gazteen abesbatzaren saioa. Emanaldi horiek leku berezietan izango dira: Done Jakue kaleko Garbitokian eta Soreasuko Sebastian Donearen parrokiako Bakardadearen kaperan. Kontzertuetarako gonbidapenak eskatu beharko dira.

Iaz izan zuen harrera "ona" ikusita, Azpeitiko Udalak aurten ere antolatu du Udako Musika Printzak egitasmoa, Kulturaz kooperatibarekin elkarlanean. Iaz kontzertu bat egin zuten Basazabal jauregian –Ignacio Arakistainek, Garazi Navasek, Maria Martinek eta Peio Irigoienek eskaini zuten–, eta aurtengorako musika zikloa antolatu dute. Musika mota desberdinetako hiru doako saio izango dira, ostiral honetan hasita, eta horien kokalekuak ere bereziak izango dira; izan ere, Garbitokian eta Bakardadearen kaperan egingo dituzte.

Ostiral honetakoa ganbera musika kontzertua izango da, eta Ignacio Arakistain organo-jotzaile azpeitiarrak, Garazi Navas akordeoilariak eta Maria Martin abeslariak eskainiko dute, 21:00etan hasita, Done Jakue kalean kokatuta dagoen Garbitokian. Handik astebetera, hilaren 15ean, ordu eta leku berean izango da The Chickpeas jazz taldearen kontzertua. Ion Dorregarai, Pablo Lopez Barrios, Jon del Campo eta Maialen Tellabide musikariak izango dira han.

Hirugarren eta azken emanaldia, berriz, hilaren 16an, larunbatez, izango da Soreasuko Sebastian Donearen parrokiako Bakardadearen kaperan. Irungo Iga gazteen abesbatzaren txanda izango da egun horretan, eta abeslariak Eneko Amundarainen gidaritzapean ariko dira. Hiru emanaldietarako gonbidapenak honako lotura honetan eskuratu ahal izango dira.

180. urteurrena

Azpeitiko Udalak azaldu duenez, Garbitokiak 180 urte betetzen ditu aurten, eta leku horri "180 graduko bira emanda" bi musika kontzerturekin ospatuko dute urtemuga Agustin Lizarralde Turismo zinegotziak azaldu duenez. "Kontzertu desberdinak eskaintzeaz gain, kultur espazio berriak bilatzea eta ondare historikoari balioa eman nahi diogu".

Ignacio Arakistain musikariak parte hartuko du zikloko lehen emanaldian, baina antolaketan ere aritu da, eta hark esan duenez, kontzertuen artean "oreka" bilatu nahi izan dute: "Hiru kontzertu izanik, estilo, ahots zein musika instrumentu desberdinen arteko oreka aurkitu nahi izan dugu". Azpeitian halako kontzertuak antolatzeko "baldintza guztiak" betetzen direla uste du hark. "Basazabal jauregia edo Garbitokia bezalako lekuak izateaz gain, udalak halako egitasmoetarako baliabideak jartzen ditu eskura, eta Kulturaz ere hor dago laguntzeko; zorte handia da hori".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide