Cap Blanc-Nez muino txikiak ekarri du ikuskizuna, eta ez haizeak. 900 metroko aldapa laburrak, haizea ez baita nahikoa indartsua izan, ezta norabide egokitik jotakoa, tropela hausteko. Azken mendatean Jumbo Vismak hautsi egin du lasterketa Van Hooydonck eta Van Aertekin. Hainbesterako, Van Aertek berak bakarrik egin duela aurrera, Vingegaard taldekidea eta Yates lehertuz. Atzetik, errosarioa. Vlasov eta Pogacar larri antzean joan dira, Roglic ere eroso ez, baina kilometro batzuk pasatuta, elkartu egin dira oilar ia guztiak. Van Aert izan ezik, jakina. 10, 15, 20, 25 segundo, minutu erdia... Garaipen handia lortu du Van Aertek, tropel guztia hankapean utziz. Bigarren hirutan izan ostean, lortu du berea Jumboko flandriarrak, eta lidergoan ere sendotu da.
Etapako lehen hiru laurdenak zozo samarrak izan dira, berriro. Ihesaldi merkea, tropelak ez duelako batere zailtasunik jarri, eta bi protagonista ezinezkoa zen balentriaren bila: Magnus Cort Nielsen eta Anthony Perez. Hirugarren ihesaldia errenkadan Education First taldeko danimarkarrarentzat, lehena Cofidis taldeko Perez tolosarrarentzat. Cort mendiko puntuen bila, bere lidergoa lortzeko. Zortzi minutu lortu dituzte azkar, baina Quick Step taldeak haize-babesak sortu ditu une batean, eta tropela hiru zatitan banatu da. Erritmoa asko bizitu da, eta aurreko bikoaren aldea hiru minutura murriztu. Ondoren lasaitasuna itzuli da berriro, azken 35 kilometroetan sartu arte.
Kostaldera iritsi dira une horretan, eta tentsioa areagotu egin da berriro. Cort ordurako tropelera itzulia zen, eta Perezek egoskor iraun du buruan, minutu pasatxoko aldearekin. Helmugarako 10 kilometro falta zirela irentsi dute Okzitaniakoa. Ondoren etorri da Jumboren oldarraldia, eta Van Aerten hautsia. Ikaragarria, biharko etapari begira hortzak zorroztu dizkiena txirrindulari guztiei.
Bihar Tourreko etapa erabakigarrienetakoa izan litekeena korrituko da: Lille-Arenberg Porte du Hainaut, 157 kilometrokoa. Harbideen erresuma, eta harbide zati asko eta luzeak. 11 denera, 20 kilometro inguru, eta horietako zenbait luzeak, bi kilometro eta erdi pasakoak. Bata bestearen atzetik daude denak, azken 60 kilometroetan, arazoren bati bueta emateko tarterik ez da egongo. Matxurak eta erorikoak saihestea izango da oilarren helburua, eta tentsio handiko etapa espero da. Jumbo-Vismak eta Ineosek badakite Tadej Pogacar zigortzeko aukera bakanetakoa izan daitekeela biharkoa, eta talde osoa jarriko dute Roglic, Vingegaard eta Geraint Thomasen mesedean. UAE, aldiz, Pogacar babestera mugatu daiteke. Eguraldi iragarpena ez da txarra, ez dago euri iragarpenik.