Dena prest, skate parke berriaren inaugurazio festarako

Maialen Etxaniz 2022ko uzt. 6a, 19:12

Mikel Mugerza 'Yanki' skatelari zumaiarra, Izarraitz skate parkean. (Ruben Montori)

Larunbatean izango da Izarraitz skate parke berriaren inaugurazio festa. Kirolerako gune berriari ongi etorria behar bezala emateko egun osoko egitaraua antolatu dute zapaturako. Besteak beste, haurrentzako tailerrak, graffitiak, zuzeneko musika, parrillada eta Sergio Layos, Ian Ponciano, Andima, Larrun Berrenetxea, Naia Laso eta Mikel Mugerza skatelarien erakustaldia izango dira zapatuan Izarraitz skate parkean.

Azpeitiko Udalak eta herriko skatezaleek dena prest dute larunbaterako, Izarraitz skate parke berriaren inaugurazio festarako. Joan zen ekainaren 21ean egin zuen inaugurazio ofiziala Azpeitiko Udalak, eta orduztik erabilgarri dago skaterako parke berria. Dena den, orduan jakinarazi zuten bezala, kirol gune berriari ongi etorri borobila emateko askotariko ekintzez betetako eguna antolatu dute udalak eta skatezaleek, elkarlanean. 

Larunbatean goizetik gauera bitartean egongo da zer egin eta zertaz gozatu Izarraizko Atea parkeko gune berrian. Egitarauari hasiera emateko 09:00etatik 11:00etara bitartean haurrentzako BMX, skate, scooter eta roller ikastaroak eskainiko dituzte, musikaz girotuta. Ondoren, 11:00etatik 13:00etara bitartean. Free session edo saio librea izango da, nahi dutenek skaterako gunean goza dezaten. Bitarte horretan, parkearen inguruan jarriko dituzten paneletan graffitiak egiten arituko dira hainbat lagun.

Eguerdian geldialdia egingo dute, eta arratsaldean jarraituko dute ekintzekin. Skate munduan sona duten hainbat skatelarik erakustaldia eskainiko dute, 16:00etatik 17:00etara bitartean. Hain zuzen, Sergio Layos, Ian Ponciano, Andima, Larrun Berrenetxea, Naia Laso eta Mikel Mugerza Yanki arituko dira skatean, haien abileziak erakusten. 17:00etatik 20:00etara Jam Sessiona izango da, eta horrekin batera, 19:00etan, hainbat zozketa egingo dituzte ekintzetan parte hartzen dutenen artean. Eguna borobiltzeko parrillada eta Vwaprods eta AS04-en zuzenekoak izango dira skate parkearen bueltan.  

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide