Sexu erasoen aurrean salaketarako eta defentsarako dauden aukerak izan dituzte hizpide Emakumeen Txokoan

Maialen Etxaniz 2022ko uzt. 7a, 15:16

Macarena Mugika abokatuak Emakumeen Txokoan eskainitako hitzaldiko irudia. (Emakumeen Txokoa)

Nik Xinisteinat! Eraso sexisten aurrean, zer? kanpainaren barruan, hitzaldia eskaini zuen atzo arratsaldean Macarena Mugika abokatuak. Eraso baten ostean prozedura judizial bat hasteko zer tresna edo zer froga behar diren azaldu zuen Mugikak, baita eraso bat jazotzen den unean kontuan zer izan behar den ere.

Santio eta San Inazio jaien atarian, Azpeitiko Udalak sexu erasoen inguruko sentsibilizazio eta formazio kanpaina jarri du martxan, eta hainbat hitzaldi eta formakuntza saio antolatu dituzte Emakumeen Txokoan, Nik xinisteñat! Eraso sexisten aurrean, zer? izenburupean. Atzo izan zen kanpainaren barruko lehen hitzordua, eta Macarena Mugika abokatua aritu zen hizlari. Hain zuzen, Sexu erasoak festetan. Zer salaketa eta defentsa aukera ditugu? izenburupean eskaini zuen saioa Irule abokatu elkarteko kideak, eta hainbat emakume bertaratu ziren azalpenak entzutera. Besteak beste, sexu erasoen aurrean salaketarako eta defentsarako dauden aukerak izan zituen hizpide, eta eraso baten ostean prozedura judizial bat hasteko zer tresna edo zer froga behar diren azaldu zuen,, baita eraso bat jazotzen den unean kontuan zer izan behar den jakinarazi ere.

Hurrengo astean jarraituko dute kanpainaren barruko saioek. Uztailaren 8an, ostiralez, neska gazteentzako autodefentsa feminista ikastaroa izango da, 09:00etatik aurrera Emakumeen Txokoan. Saioa doakoa izango da, baina ezinbestekoa da aurrez izena ematea Emakume Txokoko 688 75 10 00 edo Gaztelekuko 943-15 71 61 telefono zenbakietara deituta edo emakumetxokoa@azpeitia.eus edo gazteria@azpeitia.eus helbide elektronikoetara mezua idatzita.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide