Azpeitiko Sagardoaren Lagunak taldeak emakumeei zuzendutako sagardo dastaketa antolatu du uztailaren 13rako. Horrekin emakumeak animatu nahi dituzte sagardoaz gehiago jakitera eta uztailaren 25eko Sagardo Egunean epaimahaikide izatera. Uztailaren 13an, asteazkenez, egingo dute sagardo dastaketa gidatua, 19:30ean hasita. Saioa Mikel Garaizabalek gidatuko du, eta parte hartu nahi dutenek Añotara edo Emakumeen Txokora deitu beharko dute.
Emakumeen Txokoko arduradunek adierazi dutenez, emakumeek festetan ere espazioa berreskuratzeko aukera eskaintzen du sagardo txapelketako epaimahai izateak, eta horretara bidean, Sagardoaren Lagunak taldeak antolatutako egitasmoa "urratsa" dela uste dute: "Gutxi falta da Santio egunerako, eta ondorioz, baita sagardo egunerako ere. Urtero legez, sagardo lehiaketa ospatuko da, eta dastaketa egingo duen epaimahaiak izango du bere lekua han. Botere gune horretan, baina, non gaude emakumeak? Aurten, hor ere espazioa berreskuratzeko aukera dugu, zirrikituak irekitzen segitzeko urratsak eman ditzakegu".
Sagardo dastaketaren ostean, emakumeren batek Sagardo Eguneko lehiaketan epaimahaikide izatera animatu nahiko balu, aukera zabalik izango du. "Emakumeontzat zaila izaten da plaza hartzea, eta egitasmo hau horretarako beste urrats bat izan daiteke. Izan ere, horren maskulinizatua dagoen mundu eta gune batean arrakalak irekitzeak espazio publikoan parte-hartzeko aukerak zabaltzen ditu", adierazi dute Emakumeen Txokoko kideek.