Gaur, 18:00etan, hasiko da Ehunmilak proba ezaguna Beasainen (Gipuzkoa). Urtero gisan, Azkoitiko, Azpeitiko eta Errezilgo lurretatik igaroko da proba, eta asko izango dira 168 kilometroko lasterketan parte hartuko duten eskualdeko biztanleak.
Goierrin barrena ibilita, Elosuatik barrena iritsiko da proba Urola Kostara. Antolatzaileen aurreikuspenen arabera, Elosuara 21:10 aldean iritsiko da lehen lasterkaria, eta Madariagara, berriz, 22:35 inguruan. Azpeitiko Azoka Plazan anoa postua muntatuko dute, eta lehen parte hartzailea hara 23:50 aldean iritsiko da. Azpeitian indarrak hartuta, Errezil aldera joango dira korrikalariak; hain zuzen ere, 01:40 bueltan iritsiko da lehen lasterkaria Zelatunera.
Ehunmilaken webgunean lasterketaren zuzeneko emankizuna egingo dute, eta 23:00etan hasiko dira ematen Azpeitiko lurretako irudiak; Uztarria.eus-en ere ikusi ahal izango dira irudiok.