Giro paregabean hasi dute skate parke berriaren inaugurazio festa

Maialen Etxaniz 2022ko uzt. 9a, 11:37

Haurrentzako BMX, skate, scooter eta roller ikastaroekin hasi dute eguna Izarraitz skate parkean, eta jende ugari animatu da horietan parte hartzera. Graffitiak egiten ikasteko aukera ere izan dute gaztetxoek, horretarako jarri dituzten paneletan. Arratsaldean jarraituko du jaiak, eta izen ezaguneko kirolarien erakustaldia ikusteko aukera izango dute parkera bertaratzen direnek. 

Eguraldia lagun, giro paregabean ekin diote Izarraitz skate parke berriaren inaugurazio festari. Goizetik gauera bitartean egongo da zer egin eta zertaz gozatu Izarraizko Atea parkeko gune berrian. Egitarauari hasiera emateko 09:00etatik 11:00etara bitartean haurrentzako BMX, skate, scooter eta roller ikastaroak eskaini dituzte, eta adin guztietako herritarrak bertaratu dira ikastarora. Musikaz girotuta hasi dute festa, eta graffitiak egite ikasteko aukera ere izan dute gaztetxoek, horretarako jarri dituzten paneletan.

Eguerdian geldialdia egingo dute, eta arratsaldean jarraituko dute ekintzekin. Skate munduan sona duten hainbat skatelarik erakustaldia eskainiko dute, 16:00etatik 17:00etara bitartean. Hain zuzen, Sergio Layos, Ian Ponciano, Andima, Larrun Berrenetxea, Naia Laso eta Mikel Mugerza Yanki arituko dira skatean, haien abileziak erakusten. 17:00etatik 20:00etara Jam Sessiona izango da, eta horrekin batera, 19:00etan, hainbat zozketa egingo dituzte ekintzetan parte hartzen dutenen artean. Eguna borobiltzeko parrillada eta Vwaprods eta AS04-en zuzenekoak izango dira skate parkearen bueltan.  

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide