Dantzaki dantza eskolakoek hainbat sari lortu dituzte Espainiako eta Europako retro dantzen txapelketetan

Kris Fernandez 2022ko uzt. 11a, 13:12

Txapelketak Zumarragan (Gipuzkoa) jokatu ziren, ostegunetik larunbatera, eta Azpeitiko Dantzaki eskolako dantzariek parte hartu zuten lehia horietan adinaren arabera banatuta.

Espainiako eta Europako retro dantzen txapelketak jokatu zituzten Zumarragan (Gipuzkoa), ostegunetik larunbatera. Azpeitiko Dantzaki eskolako dantzariek parte hartu zuten lehia horietan adinaren arabera banatuta, eta hainbat sari lortu zituzten.

Ostegunean eta ostiralean Espainiako bachata eta salsa lehiaketak izan ziren, eta Juan Carlos Garciak eta Ines Izagirrek osatzen duten bikoteak lehen postua eskuratu zuen. Dantza eskolako beste hainbat dantzarik ere eskuratu zituzten dominak: 10 eta 14 urte artekoen mailan, Peru Segurola eta Libe Larrañaga hirugarren sailkatu ziren bachatan, eta Segurolak eta Maren Uriak bigarren postua eskuratu zuten salsan; 14 eta 18 urte artekoetan, Julen Revuelta eta Gabrielle Machicao bigarren izan ziren bachatan, eta Beñat Matxan eta Nora Sanz hirugarren salsan; 18 eta 30 urte artekoetan, Aritz Fernandezek eta Uxoa Ibarretak bigarren postua eskuratu zuten bachata eta salsa dantzetan; eta 40 eta 50 urte artekoen kategorian, berriz, bigarren postua eskuratu zuten Peio Nuñok eta Eider Mendizabalek bachata eta salsa dantzetan.

Larunbatean, berriz, salsa, bachata eta txa-txa-txa uztartzen dituen Europako Konbinatua txapelketa jokatu zuten, eta Garcia eta Izagirre bikoteak lehen postua lortu zuen 50 eta 60 urte bitartekoen kategorian. Nuñok eta Mendizabalek, berriz, hirugarren amaitu zuten 40 eta 50 urte artekoetan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide