Udako festetan lan egin nahi dutenek asteazkena dute izena emateko azken eguna

Ihintza Elustondo 2022ko uzt. 11a, 15:58

2019ko saninazioetako txupinazoko irudi bat.

Azpeitiko Udalaren lan poltsan izena eman nahi dutenek udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzuan aurkeztu beharko dute eskaera orria, nortasun agiriaren fotokopiarekin batera. Langabezian daudenek izango dute lehentasuna.

Bihar amaituko da santioetan eta saninazioetan askotariko lanak egiteko Azpeitiko Udalak zabaldutako kontrataziorako izen emate epea. Lan poltsan izena emateko baldintza bakarra 16 urtetik gora izatea da.

Hala ere, hainbat dira kontrataziorako udalak izango dituen hautaketa irizpideak. Hain zuzen ere, honako hauek dira kontuan izango dituzten ezaugarriak, "lehentasunezko hurrenkeraren arabera": Azpeitian erroldatua egotea eta euskararen ezagutza izatea, langabetua izatea –langabetuen artean, epe luzeko langabetuak lehenetsiko dira– eta eginkizunetan lan esperientzia izatea.

Interesa duten herritarrek eskaera orriak udaletxean aurkeztu beharko dituzte nortasun agiriaren fotokopiarekin batera. Langabezian daudenek hori horrela dela ziurtatzen duen agiria ere aurkeztu beharko dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide