Jon Guridik Alavesen jokatuko du

Mailo Oiarzabal 2022ko uzt. 11a, 18:46

Jon Guridi, 2020ko irudi batean, Realaren elastikoarekin. (Reala)

Realarekin zuen kontratua etenda, datozen lau denboraldietan Gasteizko taldean jokatzeko kontratua sinatu du futbolari azpeitiarrak. Espainiako Bigarren Mailan lehiatuko da Alaves 2022-2023 denboraldian.

Azken asteetako zurrumurruak gaur baieztatu dituzte Realak eta Alavesek: Jon Guridik talde babazorroan jokatuko du datorren denboraldian, Donostiako klubarekin zuen kontratua etenda.

2024ra arteko kontratua sinatu zuen iaz Azpeitiko erdilariak Realarekin, baina lotura hori bertan behera uzteko akordioa hitzartu dute jokalariak eta klubak. Horrenbestez, libre iritsi da Guridi Alavesera, eta lau urteko kontratua sinatu du Gasteizko taldearekin. Joan den sasoian Lehen Mailatik jaitsi ondoren, Espainiako Bigarren Mailan lehiatuko da Alaves 2022-2023 denboraldian.

Artean Reala Bko jokalari zela, 2017ko martxoaren 18an egin zuen debuta Guridik Realarekin; aurrerantzean bere taldea izango denaren kontra, hain zuzen ere, Mendizorrotzan. Debut haren gozoa azkar mikaztu zitzaion, ordea, azpeitiarrari, bere ibilbidea markatu duten lesio luze eta larrietako aurrenari aurre egin behar izan baitzion berehala. Realak kontratua luzatu zion orduan, eta lehen lesio hartatik osatu zenean itzuli zen berriro talde nagusira jokatzera, baina min hartu zuen berriro, eta berriro luzerako. 2018ko urrian itzuli zen zelaietara, Reala B taldearekin. Gero, Mirandesen utzita jokatu zuen denboraldi eta erdiz, Bigarren Mailan. Han lan ona eginda, Realera itzuli zen, eta txuri-urdinekin lehiatu da azken bi urteetan; besteak beste, 2020ko Kopako txapeldun izan da Guridi Realarekin.

Agurrean, esker hitzak

Guridik sare sozialetan argitaratu duen mezuan nabarmendu duenez, Realari eskerrak eman nahi dizkio publikoki, "urteotan guztiotan emandako aukeragatik eta tratuagatik". "Zuei esker gehien gustatzen zaidan kirolean aritu ahal izan naiz, eta nire biziko klubaren koloreak defendatu ahal izan ditut", erantsi du. Era berean, eskerrak eman dizkie kimu mailatik gaur arte bidean tokatu zaizkion pertsona denei: "Zuei esker asko hazi naiz pertsonalki eta profesionalki".

Afizioari eskerrak emateko ere baliatu nahi izan du beta Guridik, "zelaian nahiz zelaitik kanpo emandako babes guztiagatik". Klub txuri-urdinaren eta azpeitiarraren bideak banatu arren, Realaren jarraitzaile izaten jarraituko duela adierazi du: "Bideak banatzea tokatzen da, baina Realzale bat gehiago izaten jarraituko dut. Ziur nago klub honek hazten eta gauza handiak lortzen segituko duela. Gertutik jarraitzen egongo niaz, eta espero dut etorkizunean berriro bat egitea".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide