Bihar irekiko dute Umeen eta Gaztetxoen Egun Arroxan parte hartzeko izen-ematea

Maialen Etxaniz 2022ko uzt. 12a, 10:43

Umeen eta Gaztetxoen Egun Arroxako artxiboko irudi bat. (Maialen Etxaniz)

Uztailaren 24n, igandez, ospatuko dute Umeen eta Gaztetxoen Egun Arroxa. Egun horretarako bazkaria, jolasak eta kalejira antolatu ditu Haujijijaik. Festan parte hartu nahi dutenek bihar edo etzi egin beharko dute izen-ematea, festa batzordeak plazan jarriko duen postuan, 12:00etatik 13:30era edo 18:00etatik 20:00etara.

Uztailaren 24n, igandez, izango da aurtengo Umeen Eguna, eta Haujijijai festa batzordeak dagoeneko prest dauka bere egitaraua. Beste urte batez, Umeen eta Gaztetxoen Egun Arroxa antolatu dute data horretarako, eta bazkaria, jolasak eta kalejira egingo dituzte urteroko ohiturari jarraituz. 

Bertan parte hartu nahi duten lagunek datozen egunetan egin beharko dute izen-ematea, Haujijijaik horretarako plazan jarriko duen postuan. Hain zuzen, bihar, uztailak 13, eta etzi jarriko dute izena emateko mahaia udaletxe azpian 12:00etatik 13:30era eta 18:00etatik 20:00etara. Izen-ematea bost euro ordaindu beharko da, eta horretara animatzen direnek eguneko ekintzetan parte hartzeko aukera ez ezik, Marea Arroxaren kamiseta berria eskuratuko dute. 

Bazkaria, jolasak eta kalejira antolatu dituzte festa herrikoien aldeko batzordeak Umeen eta Gaztetxoen Egun Arroxarako. 14:00etan elkartuko dira ekintzetan parte hartzera animatzen diren gaztetxoak. HH4ko eta HH5eko haurrak Frontoi Txikian elkartuko dira; LH1, 2 eta 3 mailetako gaztetxoak Done Jakue kaleko parkean, eta LH4, 5 eta 6 mailetako lagunak Ludoteka aurrean izango dute hitzordua. Behin denak elkartuta, bazkaria egingo dute Azoka Plazan. Ondoren, jolasak eta kalejira egingo dituzte Alde Zaharrean zehar. 

Kalejira amaitzean, 17:30 aldera, gaztetxoak gurasoekin elkartuko dira berriro, eguerdiko leku berean, Frontoi Txikian, Done Jakuen eta Ludotekan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide