Iker Zabaleta: "Esperientzia ederra izan da Gipuzkoako selekzioarekin joatea"

Kris Fernandez 2022ko uzt. 12a, 17:10

Iker Zabaleta (Azpeitia, 2004) txirrindulariak lau urte daramatza Lagun Onak txirrindulari taldean. "Exijentzia maila handiko" kirola dela onartzen duen arren, azkenaldiko emaitza onek aurrera jarraitzeko indarra ematen diotela esan du. Emaitza on horiei esker, Gipuzkoako txirrindulari selekzioarekin aritzera iritsi da.

Noiz hasi zinen txirrindularitzan?

Betidanik izan dut gustuko bizikleta, eta, beraz, txirrindularitza jarraitu izan dut. Baina, lehiatzen 2018 urtean hasi nintzen, kadeteen lehen urtean. Urte horretan batu nintzen Lagun Onak taldera, eta beraz, laugarren denboraldia dut aurtengoa; orain, gazteen bigarren urtean ari naiz lehiatzen.

Kirol gogorra da txirrindularitza, nolakoak dira prestaketak?

Horrela da bai, exijentzia maila handiko kirola da, eta, ondorioz, asko entrenatu behar izaten da. Gure kasuan, adibidez, astean lau aldiz entrenatzen dugu, eta asteburuetan lasterketak izaten ditugu. Gainera, baliteke, asteburu batean bi lasterketa izatea; bat larunbatean, eta bestea igandean.

Eta denboraldiaurrea nolakoa izaten da?

Denboraldiaurrea abenduan hasten dugu normalean, eta garai horretan, bizikletaz gain, gimnasioko lana ere egiten dugu. Lasterketak, berriz, martxoan hasten ditugu, irailaren amaierara arte, gutxi gorabehera.

Azkenaldian, emaitza onak lortu dituzu: Mendaron lehen postua eta Azpeitian bigarren postua. Zer sentitzen da?

Oso ondo sentitzen zara une horietan. Aurrez esan bezala, kirol gogorra da, eta buruz ondo egon behar zara lehia guzti horiek eta egin beharreko kilometro ugari horiek ondo eraman ahal izateko. Hilabeteetan egindako lanak emaitzak eta fruituak eman dituela ikusten duzu, eta, beraz, merezi izan duela pentsatzen duzu. Emaitza onek beti laguntzen dute aurrera jarraitzen.

Emaitza on horiek lortzeak, Gipuzkoako selekzioarekin aritzera eraman zaitu joan den asteburuan. Aurrez ere joanda zinen?

Hirugarren aldia izan dut azken asteburukoa. Iaz, Burgosen (Espainia) izan nintzen, eta aurten, aurrez, Tafallan (Nafarroa). Esperientzia ederra izan da Gipuzkoako selekzioarekin joatea; adineko txirrindulariekin egoten zara, oso onak izaten dira denak, leku berriak ezagutzen dituzu, eta bitartean, gehiago ikasteko aukera izaten da, maila altuagoko lehiak izaten direlako.

Iker Zabaleta, eskuinetik bigarrena, Gipuzkoako selekzioarekin.

Azken asteburuan, Frantzian izan zara Gipuzkoako selekzioarekin. Nola joan zitzaizun?

Espero nuena baino okerrago joan zen. Larunbatean 20 kilometroko erlojupekoa jokatu genuen, eta denbora ona egin nuela esango nuke, nahiz eta ez nintzen oso ondo sentitu. Igandean, berriz, 125 kilometroko lasterketa genuen, hor, ordea, ez nintzen nire onenean. Ez dakit zer izan zen; bero handia egin zuela, lasterketa oso gogorra zela edo gorputzaldi txarra nuela, baina gogorra egin zitzaidan.

Aurrera begira, zeintzuk dira zure asmoak?

Hurrengo denboraldiarekin ez naiz hasi pentsatzen. Oraingoz, denboraldia amaitu bitartean emaitza onak lortzen jarraitzea nahiko nuke. Denboraldia ondo amaitu, hori da asmo nagusia.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide