Gora txirrindularitza!

Andoni Urbistondo (Aiurri.eus) 2022ko uzt. 13a, 18:29

Jonas Vingegaard, Tourreko lider berria. (Le Tour)

Jonas Vingegaardek Pogacar hautsezina txikitu du Granon gainean, eta hiru minutu lapurtu, lider jartzeko; etapa ikusgarria, gogoangarria ikusi dugu, luze gogoratzekoa, afizioa egiten duena, eta Jumbo-Visma taldearen jarrera ausarta erabakigarria izan da.

Gaur txirrindularitza atzo baino politagoa da. Ziklistek sekulako erakustaldia eman dute Alpeetako lehen etapan, eta urte askotan ikusi gabeko ikuskizunarekin gozatu dugu kirol diziplina honetako zaleak garenok. Gaur inork ez du siestarik egin, eta asko izan dira telebistako irudiei itsatsita geratu direnak. Erantzule nagusi bat dago: Jumbo-Visma taldea. Bere jarrera ausartak eragin du etapa ikusgarria. Estrategia ezin hobea, pazientzia, eta konfiantza osoa euren liderrarekin, Jonas Vingegaardekin, horiek etapan erabili dituzten osagaiak. Xake joko moduan ulertuta, gainera, Jumbok bere erregina sakrifikatu du, Primoz Roglic. Sailkapen nagusian jokoz kanpo geratu da, baina Galibierren jo dituen erasoak, egin dituen erritmo aldaketak, erabakigarriak izan dira Pogacar erretzeko; Granonen Vingegaardek jo duen erasoak min handia egin zezan funtsezko erasoak.

Vingegaard da lider berria, eta 2:22ra du orain Pogacar. Hau ez dago bukatuta. Ziur aski beroak kiskali du esloveniarraren kemena, erre bere bihotza, eta inork espero ez zuen txakalaldia jasan du. Txapeldun handia da, baina, eta ondo egingo luke Jumbok zirrikiturik txikiena ez uzten. Txakalaldi horretan bere jarrera, edo gehiegizko indar erakustaldiak ere, erabakigarri izan dira, akaso. Pogacarrek Roglicen eta Vingegaarden dozena erdi eraso kolpe erantzun behar izan ditu Galibier hasieran. Jumboko bi liderrek ito egin nahi izan dute, nekarazi, liderra taldekiderik gabe zelako. Pogacarrek eraso guztiei erantzun die, denei. Horrekin konforme ez, eta halako mezua bidali nahi izan die Jumboko bi ziklistei, berak erasoa joz eta aurkariei kontuz ibiltzeko esanez. Sailkapen nagusian arrisku berezirik ez zuten txirrindularien bila ere irten da Pogacar, Romain Bardet kasu, eta hainbesteko ahaleginak lehertu egin du ondoren Granon mendatetzarrean.

Pogacarrek berak onartu du, Jumbok bizkortasun handiz jokatu duela. Eta hala izan da. Maisuki jokatu dute. Van Aert eta Laporte sartu dituzte ihesaldian. Telegraphen gora Benootek bizitu du erritmoa, baina ondo eutsi dio UAEk. Lehen abisua baino ez da izan, Telegraphe mendateko pankartan Roglicek jo baitu erasoa. Zain zuen Laporte taldekidea, eta oilarren tropela txikitu dute. Roglic, Laporte, Vingegaard, Pogacar eta Geraint Thomas joan dira aurretik, eta ondorengo hamar kilometroak itzelak zian dira: egurra, egurra eta egurra. Roglicen erasoa, Pogacarren erantzuna. Vingegaarden erasoa, Pogacarren erantzuna. Horrela dozena bat aldiz. Jumbok isolatuta eduki du Pogacar, baina ez du liderra atzeratu ahal izan.

Etsi egin du Galibierren, Jumbok, Granonen saiatzeko. Eta han bai, han Vingegaardek txikitu egin du Pogacar. Bost kilometroren faltan jo du erasoa, eta Pogacarrek, maillota zabalduta eta beroak erasanda, pott egin du. Txakalaldia jasan duen itxura, Bardetek, Thomasek edo Gauduk aurrea hartu diotelako helmugan. Bereziki deigarria da Gauduren kasua, mendatea hasi eta berehala atzean geratu delako Groupamako frantziarra, mendateko bigarren zatian igoera bikaina egin eta maillot horiaren aurretik helmugaratzeko. Vingegaardek hiru minutu pasa kendu dizkio esloveniarrari helmugan, eta nagusian 2:22ko aldea du orain. Bardet, Thomas, Gaudu, Nairo Quintana eta Adam Yates ere jokoan sartu dira, eta Tour ederra geratu zaigu. Erne Pogacarrekin, zauritutako basurdea baino amorratuago ariko delako biharko etapan. Gaur arte Vingegaard baino hobea izan da, eta bihar ere izan daiteke. Hori bai, Jumbok sekulako talde puska dauka, eta ez du lan errazik izango Vingegaard urruntzen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide