Alavesek aurkeztu du Jon Guridi

Mailo Oiarzabal 2022ko uzt. 14a, 20:18

Jon Guridi, bere izena daraman Alavesen kamisetarekin. (Deportivo Alaves)

Gasteizko taldearekin Lehen Mailara itzultzeko "erronka gustatzen" zaiola adierazi du azpeitiarrak aurkezpen ekitaldian.

Joan den astelehenean iragarri zuten Jon Guridik Reala utzi eta Alavesen jokatuko duela datorren denboralditik aurrera, eta gaur aurkeztu du azpeitiarra prentsaren eta zaleen aurrean Gasteizko klubak.

Reala "penaz" utzi arren, aurten talde txuri-urdina utzi behar zuela bazekiela esan du Guridik, azken bi urteetan gutxi jokatu duelako, futbolariei "protagonismoa eta minutuak edukitzea" gustatzen zaiela argudiatuta. Beste talde batzuen eskaintzak izan dituela ere esan du, baina beste inork ez duela eskaintza zehatzik aurkezteko "aurrepausorik eman" gaineratu du. Aldiz, "Bigarren Mailakoa izan arren", Alavesen "proiektua gustatu" zitzaiola azaldu du erdilari azpeitiarrak: "Alaves klub historikoa da eta helburua taldea Lehen Mailara itzultzea da. Erronka gustatzen zait".

Sergio Fernandez Alavesen kirol zuzendaria izan du ondoan Guridik aurkezpenean. Alavesek eta Baskoniak Gasteizen duten dendan egin dute ekitaldia, eta prentsaren aurreko lanak bukatu ondoren, han elkartu diren zaleekin egoteko eta haien elastikoak-eta sinatzeko tartea hartu du azpeitiarrak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide