Atzo iluntzean jakinarazi zuen Azpeitiko Udalak nork botako duen 2022ko San Inazio jaietako txupinazoa: Atzegiko kideak, desgaitasun intelektuala duten pertsonen aldeko Gipuzkoako elkartekoak, izango dira festen hasierako ekitaldiaren protagonista nagusiak.
Udalak gogoratu du "60 urte baino gehiagoan desgaitasun intelektuala duten herritarren eskubideen alde bidea egin dutenetakoa" dela Atzegi elkartea. Atzegi txupinazorako aukeratuta, erakundeak "egindako lana errekonozitu eta eskertu nahi die taldean era batera edo bestera parte hartu duten eta hartzen duten guztiei"; hautaketa horrekin, era berean, uztailaren 30eko jaien hasierako ekitaldia "inklusioaren eta aukera berdintasunaren aldeko aldarria" izango dela dio udalak.
"Gaur egun inklusioa ahoz aho darabilkigun hitza da, baina urte luzez bidea urratu duten herritarrei esker da inklusioa errealitate", dio udalak txupinazoaren protagonisten berri emateko atera duen oharrean. Atzegiren ibilbidea goraipatu du erakundeak, duela sei hamarkada desgaitasun intelektuala zuten haurren eskolatzearen alde elkartzen hasi zirenak gogora ekarrita, "batez ere, amak" izan zirela aipatuz. Eskubide hartatik abiatua beste hainbat lortu dituzte desgaitasuna duten pertsonek, Atzegin elkartutakoen lanari esker, besteak beste, "hamaika oztopo gaindituta". Egindako lana aitortu die udalak, baina "asko egin bada ere, asko dago oraindik egiteko", erakundearen aburuz. Txupinazoa bide horretan beste "keinu" bat izatea espero dute.