Ehiztaria, ehiza garaian

Andoni Urbistondo (Aiurri.eus) 2022ko uzt. 15a, 18:52

Mads Pedersen, garaipena ospatzen. (RTVE)

Tourrak zor zion etapa garaipena tropeleko ziklista onenetakoari, Mads Pederseni, eta Saint-Etiennen lortu du; erritmoa handia izan da, beroa bezala, eta tropelak zigor handia hartu du berriro.

Ehiza garaian ehiztariak ibiltzen dira aztoratuta; mendi hegaletan piezak lortu nahian. Txirrindularitzan ere antzera gertatzen da. Mendiko lehen blokea pasatuta, hurrengo asteko Pirinioetako etapak iritsi arte ihesaldiek protagonismoa bereganatzea espero zen, eta hala izan da 'trantsizioko' lehen etapan. Mila ahalegin, irteera eman bezain pronto, eta zazpi lagun buruan 50. kilometroaren bueltan. Eta zer zazpi ziklista: Ganna, Jorgenson, Kung, Mads Pedersen, Fred Wright... Tropelak ehiztarien enbidoa onartu, eta jazarpenari ekin dio, Alpecin eta Lotto taldeen gidaritzapean. 1,30 eta 2 minutuko tartean mantendu dituzte luze, baina orduan jausi egin da Caleb Ewan, eta Lottok etsi egin du. Australiarra jausi gabe ere zail zirudien aurreko zazpikotea harrapatzea, indar askoko multzotxoa zelako.

Bike Exchange taldeak egin du azken ahalegina, Michael Matthewsekin garaipena bilatzeko. Bi lagun jarri ditu Australiako taldeak lanean, baina alferrik. Zaldi indartsuagoak sartu dira ihesaldian, eta horiek tropelaren zaintza saihesten dutenean ez dute berehalakoan amore ematen. Jazarpena bukatu eta berehala hasi da etapa lortzeko borroka. Mads Pedersen danimarkarrak egin du selekzioa. Wrightek eta Houlek eutsi diote, eta amore eman Gannak, Kungek eta Jorgensonek. Nagusi ikusi du bere burua Trek taldekoak, Torpedersenek, eta esprinta behartu du, bi iheskideak baino askoz azkarragoa zela jakitun, aise irabazteko. Pedersen txirrindulari handia da, eta Tourreko etapa bere hanka zuztarrek merezi zuten garaipen handia da.

Tropelak zigor handia hartu du, berriro, etapa bizi-bizi egin delako. Beroa ere handia izan da, 33-34 gradu, eta jende askori muga-mugan doala nabaritzen zaio dagoeneko. Saldak ez die atsedenik emango, gainera, Pirinioak iritsi bitarte, eta biharko etapan ezustekoak gerta daitezke. Erdikaldeko Mendikatea zeharkatuko delako, 3.500 metroko desnibel metatua, atsedenik ez eta 35 graduko tenperatura, Frantziako zartaginean. Bukaeran, Mendeko aerodromoa, Tourreko historiako urrezko balentria batzuk idatzi diren bukaera pikoa: hiru kilometro eta %10,2ko batez besteko malda. Ihesaldia iritsiko da, gauzak normal, baina oilarren artean ere izango da borroka. Pogacarrek sufritu egin dezake bero saparekin, eta akaso Jumbo eta Vingegaard bera saiatuko dira esloveniarra are gehixeago urruntzen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide